Euskaraldia

Patricia Gonzalez: "Egunero euskaraz zerbait berria deskubritzen dut"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 13a, 09:43

Euskaraldiko hamaikakora batzen azkena Azkoitian bizi den Patricia Gonzalez venezuelarra da. Belarriprest txapa paparrean jarrita hartuko du parte euskararen erabilera bultzatzea xede duen ariketa sozialean.

Venezuelan jaio zen Patricia Gonzalez, eta orain bost urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera. Azkoitian handik denbora batera egin zen ezagun, Galipan taberna zabaldu zuenean, 2019an. Euskara ikasteko balio izan dio lantokiak Patriciari. Bezeroekin ahal duen guztietan euskara erabiltzen ahalegintzen da, lehen hitza bai, bederen. Egunero ari da hitz edo esamolde berriren bat ikasten, eta aberastasun horrekin oso pozik dago. Belarriprest rolarekin hartuko du parte Euskaraldian —azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da— eta hamaikakora batu da. Euskaraz dakiten guztiei berari euskaraz egiteko gonbidapena egingo die, euskara ulertzen duela adieraziz eta berarekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuz. Hau da utzi duen mezua: "Egunero euskaraz zerbait berria deskubritzen dut". 

Azken kide berri honekin, hamaikakoa osatuta geratu da:   Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed AwalJulen Alberdi, Ixabel JauregiAdrian Chohan, Olvido Hernando, Jon Elorza, Naia Arrizabalaga eta Patricia Gonzalez. 

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute arigune-en bidez. Arigune-etan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Ixabel Jauregi, euskaltzalea (Ahobizi)

Ixabel Jauregi: "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko"

Adrian Chohan Madinabeitia, Udaltzaina (Ahobizi)

Adrian Chohan: "Azkoitian be euskeraz!"

Olvido Hernando, Mintzalaguna (Ahobizi)
Olvido Hernando: "Lehen 'belarriprest' izan nintzen, eta oraingoan 'ahobizi'!"

Jon Elorza, (Ahobizi)
Jon Elorza: "Euskaraldian saia gaitezen denok euskaraz egiten, egunerokotasunean isla dadin"

Naia Arrizabalaga, Bertsolaria (Ahobizi)
Naia Arrizabalaga: "Zaindu dezagun euskara, aurrekoek zaindu zuten erara!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide