Euskaraldia

Olvido Hernando: "Lehen 'belarriprest' izan nintzen, eta oraingoan 'ahobizi'!"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 10a, 07:59

Euskaraldia ekimenaren hamaikakora batuko den zortzigarren herritarra da Hernando. Aurtengo edizioan, gainera, erronka polita jarri dio bere buruari; belarriprest izatetik ahobizi izatera igaroko da, ilusioz beteta.

Olvido Hernando oso gaztea zela etorri zen Azkoitira bizitzera. Bizilagun eta ezagun euskaldun asko izan ditu beti inguruan, eta euskara ikasteko jakinmina aspaldi piztu zitzaion. Hitz eta esamolde solteak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten hasteko pausua ematera ez zen ausartzen. Azkenean, AEK euskaltegian izen eman eta handik urte batzuetara Mintzalagun egitasmora batu zen. Egunez egun hizkuntza barneratzen eta ikasten joan da. Harremanak zabaldu ditu eta geroz eta jende gehiagorekin erabiltzen du euskara. Euskaraldian parte hartu bakarrik ez, hamaikakora ere batuko da. Aurten, gainera, ahobizi txapa jarriko du paparrean —aurreko bi edizioetan belarriprest rola hartu zuen—. Ariketa sozialak iraungo duen egunetan euskaraz egingo du lehen hitza, baita hortik aurrerakoa ere, ahal duen guztietan. Edonon, edonoiz eta edonorekin. Bere mezua, ondorengoa: "Lehen belarriprest izan nintzen, oraingoan ahobizi!".

Hernandorekin batera, orain arte, Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed AwalJulen Alberdi, Ixabel Jauregi eta Adrian Chohan dira hamaikakora batu diren herritarrak.

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Ixabel Jauregi, euskaltzalea (Ahobizi)

Ixabel Jauregi: "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko"

Adrian Chohan Madinabeitia, Udaltzaina (Ahobizi)

Adrian Chohan: "Azkoitian be euskeraz!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide