Euskaraldia

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 4a, 08:51
Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina.

Atzo ekin genion Euskaraldia ekimenaren barruan Azkoitiko hamaikakoa osatzeari. Bigarren kidea Paki Fernandez BM supermerkatuko kutxazaina da. Belarriprest rola hartuko du hark: euskaraz dakiten guztiei berari euskaraz egiteko gonbidapena egingo die, euskara ulertzen duela adieraziz eta berarekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuz.

Euskaraldia badator, eta azkoitiarrok ari gara hamaikakoa osatzen. Euskara erabiltzeko konpromisoa hartu eta  ingurukoak ere horretara gonbidatu; hori da helburua. Atzo aurkeztu genuen lehendabiziko taldekidea, Igor Zubeldia Realeko jokalaria, eta gaur bigarrenaren txanda da. Paki Fernandez BM supermerkatuko kutxazainak gogotsu hartuko du parte Euskaraldiaren hirugarren edizioan, belarriprest txapa paparrean duela. Fernandezek euskaraz dakiten guztiei berari euskaraz egiteko gonbidapena egingo die, euskara ulertzen duela adieraziz eta berarekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuz. Berak ez zuen etxean jaso euskara, baina gerora ikasi eta ahal duen guztietan erabiltzen du. Lantokian bezeroei beti lehen hitza euskaraz egiten ahalegintzen da. Hau da Fernandezek zabaldu duen mezua: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko". 

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide