Euskaraldia

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 3a, 09:42
Igor Zubeldia, Realeko jokalari azkoitiarra.

Euskaraldia ekimenean Azkoitiko hamaikakoa osatuko duten herritarrak aurkeztuko ditugu, gaurtik hasita. Lehendabizikoa, Igor Zubeldia Realeko jokalaria. Aurreko edizioetan bezala, ahobizi rola hartuko du hark, eta euskararen aldeko bere konpromisoa agertu du.

Ate-joka dugu Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da aurten, eta Azkoitian ere hasi gara prestaketa lanetan. Gaurtik hasita, Azkoitiko Hamaikakoa aurkeztuko dugu datozen hamar egunotan, bi belarriprest eta bederatzi ahobizi. Bakoitzak bere bizipenetatik bere mezu propioa zabalduko du. Lehena, Igor Zubeldia Realeko jokalaria. Hau da hark zabaldu duen mezua: "Realean ere euskararen alde".

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez. Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da.

Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneen (euskaraz lasai aritzeko guneak) bidez, herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta (2020an 32 izan ziren).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide