Euskaraldia

Adrian Chohan: "Azkoitian be euskeraz!"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 9a, 08:06
Adrian Chohan udaltzainak 'ahobizi' rola hartuko du Euskaraldian.

Ahobizi rola hartuta, ilusioz ekingo dio udaltzain oñatiarrak euskararen aldeko ariketa sozialari abenduaren 18an. Aurtengo edizioa, gainera, berezia izango da berarentzat, Azkoitiko hamaikakoko kide izango baita.  

Bederatzi egun falta dira Euskaraldiaren olatua lehertzeko. Atzera kontaketa honetan, Azkoitiko hamaikakoa osatzen ari gara, eta gaur zazpigarren kidea batuko da taldera: Adrian Chohan Madinabeitia. Oñatiarra izatez, urte asko daramatza lanean Azkoitiko Udaltzaingoan, eta herrian oso barneratuta dagoen txantxikua dela esan genezake. Udaltzainen euskara ezagutza azkenaldian eztabaida iturri da, baina bada kontrako adibiderik, eta horietako bat da Adrian. Oñatiko euskalki ederrean, euskara beti ahoan. Aurreko edizioetan bezala, ahobizi txapa paparrean jarrita ekingo dio Euskaraldiaren ariketari. Eguneroko jarrerari eutsiz, lehen hitza beti euskaraz egingo du, eta parean duenak ulertuz gero, hortik aurrerakoa ere bai. Ondorengo mezua zabaldu nahi izan du: "Azkoitian be euskeraz!".

Chohanekin batera, orain arte, Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed AwalJulen Alberdi eta Ixabel Jauregi dira hamaikakora batu diren herritarrak.

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Ixabel Jauregi, euskaltzalea (Ahobizi)

Ixabel Jauregi: "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide