Euskaraldia

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 5a, 08:45
Iban Garate, aurkezle eta aktore azkoitiarra.

ETBko aurkezle ezaguna da Euskaraldian Azkoitiko hamaikakoa osatuko duen hirugarren kidea. Egun, Gasteizen bizi da Garate, eta han euskarak behar dituen arnasguneak sortzearen eta sendotzearen beharra nabarmentzearekin batera, Azkoitikoari eustearen premian jarri du azpimarra.

Badator Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Azkoitian ere ari gara motorrak berotzen eta hamaikakoa nortzuk osatuko duten aurkezten hasi gara asteon. Igor Zubeldiaren eta Paki Fernandezen ondoren,  Iban Garate ETBko aurkezlea eta aktorea da taldera batuko den hirugarrena. Azkoitiarra da izatez, baina Gasteizen bizi da azken urteotan. Aurreko edizioetan bezala, ahobizi rola hartuko du eta, beraz, euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin euskaraz arituko da. Halaber, lehen hitza beti euskaraz egingo du, eta parean duenak ulertuz gero, hortik aurrerakoa ere bai. Euskaraldian bakarrik ez, urte osoan du hizkuntzarekiko jarrera hori. Euskararen arnasguneei eustea eta berriak sortzearen premia nabarmendu du bere mezuan, baina argi esan du gakoa bakarra dela, erabilera. Hau da Garatek Euskaraldirako zabaldu duen mezua: "Azkoitian arnasguneari eustea, eta Gasteizen arnasguneak sortu edo sendotzea… baina Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!".

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

AZKOITIKO HAMAIKAKOA:
Igor Zubeldia, Realeko jokalaria 


Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina


Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide