Euskaraldia

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 7a, 08:13
Julen Alberdi aizkolaria. (Ibon Errazu)

31 urteko aizkolaria da Azkoitiko hamaikakora batu den bosgarren herritarra. Ahobizi rola hartuko du, eta orain arte bezala, lehen hitza beti euskaraz egingo du.

Hasi da Euskaraldiaren hirugarren ediziorako atzera kontaketa – azaroaren 18tik abenduaren 2 egingo da, eta Azkoitian hamaikakoa osatzeari ekin genion joan den astean. Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolaria da taldera batu den bosgarren herritarra, Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate eta Firdaus Mohammed Awalen ondoren. Euskaraz bizi da eta euskara du bidelagun bere bizitzako esparru guztietan, etxean, lanean, lagunartean eta, nola ez, bere pasioa den herri kirolen munduan. Aurreko urteotan bezala, ahobizi txapa jarriko du paparrean euskararen aldeko ariketa sozialak iraungo duen bitartean. Lehen hitza beti euskaraz, eta hortik aurrerakoa ere bai, aurrean duenak ulertzen duen kasu guztietan. Mezu hau utzi du Euskaraldirako: “Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen”.

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide