Euskaraldia

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 6a, 10:02
Firdaus Mohammed Awalek 'ahobizi' rola hartuko du.

Duela lau urte iritsi zen Azkoitira, eta hemengo bizimodura egokitzeko euskara ikasteak lagundu egingo ziola ikusi zuen. Bi aldiz pentsatu gabe, AEK euskaltegian eman zuen izena, eta orain Azkoitiko hamaikakoa osatuko du, ahobizi rolarekin. Bertako hizkuntza ikasteak mundu berri bat zabaldu ziola esan du. 

Kumasi hirian (Ghana, Afrika) jaio zen duela 29 urte Firdaus Mohammed Awal, eta 21 urterekin utzi zuen sorterria, bizimodu hobeago baten bila. 2018an iritsi zen Azkoitira, eta iritsi orduko bazekien bertako hizkuntza jakiteak asko lagunduko ziola. AEK euskaltegian eman zuen izena eta han ari da euskara ikasten. Hizkuntza ikasteko lekua bakarrik ez, lagunartea ere aurkitu du euskarari esker. Euskaraldian ahobizi bezala parte hartuko du eta Azkoitiko hamaikakoa osatuko du, gustura osatu ere; euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin euskaraz arituko da. Halaber, lehen hitza beti euskaraz egingo du. Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan, mezu hau zabaldu nahi du: "Euskara ikasi dudalako lagun berri asko egin ditut".

Azkoitiko hamaikakora batu den laugarren kidea da Awal, Igor Zubeldia, Paki Fernandez eta Iban Garateren ondotik. Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldirako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide