Euskaraldia

Ixabel Jauregi: "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 8a, 08:16
Ixabel Jauregik 'ahobizi' rola hartuko du Euskaraldian.

Euskaraldia urte osora zabaldu nahiko luke euskararen aldeko militante nekaezinak. Ahobizi txapa paparrean jarrita, gogotsu ekingo dio ariketa sozialari, herritarren kontzientzietan eragiteko asmoz. Hamaikakoan parte hartuko du azkoitiarrak.

Euskal kontzientzia astintzea. Helburu hori lortzea nahiko luke Ixabel Jauregi euskaltzale nekaezinak Euskaraldiaren hirugarren edizio honetan. Ikastolako irakaslea, euskararen sustatzailea, bertsozale amorratua, kultur eragilea, mintzalaguna… zenbatezina da Jauregik euskararen alde egindakoen zerrenda, eta horregatik, Azkoitiko hamaikakoan ondo merezitako lekua izango du. Aurreko edizioetan bezala, ahobizi rola hartuko du, eta egunerokoan, urteko 365 egunetan, bere egiten duen jarrerari eutsiko dio. Euskaraz lehen hitza, eta hortik aurrerakoa ere bai, parez pare duenak ulertzen duenean. Edonon, edonoiz eta edonorekin. Kezkaz begiratzen dio euskararen egungo egoerari, eta lozorroan dagoen kontzientzietan eragitea nahiko luke Euskaraldiak. Mezu hau utzi digu: : "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko".

Jauregirekin batera, orain arte, Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed Awal eta Julen Alberdi dira hamaikakora batu diren herritarrak.

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute ariguneen bidez. Ariguneetan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide