Euskaraldia

Jon Elorza: "Euskaraldian saia gaitezen denok euskaraz egiten, egunerokotasunean isla dadin"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 11a, 08:44
Elorzak ‘ahobizi’ rola hartuko du Euskaraldian.

Besteak beste, andremarietako film laburrek egin dute ezagun herrian Elorza, Elortxa modura ezagunagoa. Saltseroa eta parte hartzailea izanda, oraingoan Euskaraldia ekimenean Azkoitiko protagonistetako bat izango da; hamaikakora batuko den bederatzigarrena da.

Umorea, festa eta alaitasuna non, Jon Elorza han. 28 urteko azkoitiarra ezaguna da, besteak beste, andremarietako film laburren lehiaketan urteak daramatzalako parte hartzen eta protagonista nagusietakoa izaten. Oraingoan, bere izenak pantailatik Euskaraldiaren hamaikakora egingo du jauzi, eta bera izango da taldera batuko den bederatzigarren herritarra. Ahobizi rola hartuko du ariketa sozialak irauten duen egunotan, bere egunerokoan bezala. Edonon, edonoiz eta edonorekin, euskaraz beti lehen hitza, eta hortik aurrerakoa ere bai, ahal duen guztietan. Bere mezua, ondorengoa: "Euskaraldian saia gaitezen denok euskaraz egiten, egunerokotasunean isla dadin".

Euskararen olatua lehertzeko astebete baino ez da falta 
—azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da—, eta Azkoitiko hamaikakoa ere ia osatu dugu. Orain arte aurkeztutako taldekideak ondorengoak dira:  Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed AwalJulen Alberdi, Ixabel JauregiAdrian Chohan, Olvido Hernando eta Jon Elorza.

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute arigune-en bidez. Arigune-etan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Ixabel Jauregi, euskaltzalea (Ahobizi)

Ixabel Jauregi: "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko"

Adrian Chohan Madinabeitia, Udaltzaina (Ahobizi)

Adrian Chohan: "Azkoitian be euskeraz!"

Olvido Hernando, Mintzalaguna (Ahobizi)Olvido Hernando: "Lehen 'belarriprest' izan nintzen, eta oraingoan 'ahobizi'!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide