Euskaraldia

Naia Arrizabalaga: "Zaindu dezagun euskara, aurrekoek zaindu zuten erara!"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia 2022ko aza. 12a, 09:10
Naia Arrizabalagak ‘ahobizi’ rola hartuko du Euskaraldian.

Bertsolari gaztea da hamaikakora batuko den hamargarren herritarra. Transmisioaren garrantzia nabarmendu du, katea eten ez dadin. Aurrekoetan bezala, ahobizi rola hartuko du.

Bertsoa eta euskara eskutik helduta doaz ezinbestekoan. Ondo daki hori Naia Arrizabalaga 18 urteko betsolariak. Erniarraitz bertso eskolan zortzi urterekin hasi, eta oraindik, han jarraitzen du errima, metrika eta doinuekin jolasean, beti euskara erdigunean jarrita. Hamaikakoko kide izango da, ahobizi rola hartuta; lehen hitza beti euskaraz egingo du ariketa sozialak irauten duen bitartean, eta hortik aurrerakoa ere bai, ahal duen guztietan. Edonon, edonoiz eta edonorekin. Euskararen transmisioan aurreko belaunaldiek egindako lanean jarri du azpimarra, eta katea eten ez dadin, hizkuntza zaintzea eskatu du. Horra, bere mezua: "Zaindu dezagun euskara, aurrekoek zaindu zuten erara!".

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldian, eta Azkoitiko hamaikakoa ia osatu dugu. Baten faltan, hauek dira taldekideak:  Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed AwalJulen Alberdi, Ixabel JauregiAdrian Chohan, Olvido Hernando, Jon Elorza eta Naia Arrizabalaga. Bihar aurkeztuko dugu azkena. 

Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.

Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute arigune-en bidez. Arigune-etan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.

Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa

Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)

Igor Zubeldia: "Realean ere euskararen alde"

Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)

Paki Fernandez: "Inoiz ez da berandu euskara ikasteko"

Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)

Iban Garate: "Euskararekiko konpromisoa bakarra da, aritzea!"

Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)

Firdaus Mohammed Awal: "Euskara ikasi dudalako, lagun berri asko egin ditut"

Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)

Julen Alberdi: "Ez dut herri kirola euskararik gabe irudikatzen"

Ixabel Jauregi, euskaltzalea (Ahobizi)

Ixabel Jauregi: "Euskaraldiak balio dezala, lozorroan dagoen euskal kontzientzia esnatzeko"

Adrian Chohan Madinabeitia, Udaltzaina (Ahobizi)

Adrian Chohan: "Azkoitian be euskeraz!"

Olvido Hernando, Mintzalaguna (Ahobizi)
Olvido Hernando: "Lehen 'belarriprest' izan nintzen, eta oraingoan 'ahobizi'!"

Jon Elorza, (Ahobizi)
Jon Elorza: "Euskaraldian saia gaitezen denok euskaraz egiten, egunerokotasunean isla dadin"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide