Galderak berritu behar, erantzuna egokia izateko

Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna, atzo Azkoitian. (Maxixatzen Euskaldunon Elkartea)

Jone Miren Hernandezek eta Jaime Altunak eskainitako Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka hitzaldiarekin bukatu zen atzo Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoa.

Pilar Kaltzadak, Martxelo Otamendik eta Jon Sarasuak eskainitakoen ondoren, Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka solasaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologoek Elkarguneko Oteiza aretoan, eta horrekin osatuta gelditu da Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoa.

Erantzun egokiak lortu nahi badira "galdera aproposa" egiten asmatu behar dela eta askotan ez dugula asmatzen esanez ekin zion hitzaldiari Jone Miren Hernandezek. Hizkuntza gutxituak dituzten beste hainbat herrialdetan ere –Katalunia, Irlanda, Galizia...– gurearen antzekoa da egoera, Hernandezen esanetan; aldaketa asko gertatu dira epe laburrean.

Ondoren, Jaime Altunak bere tesian jasotakoak bost puntu nagusitan laburbildu zituen. Hizkuntzaren sozializazioaz, nabarmendu zuen globalizatutako mundu honetan "mundu osoko" kultur erreferentziak jasotzen dituztela Euskal Herriko gazteek ere, baita hizkuntzak ere, eta "homogeneizazioa" aipatu zuenHizkerari dagokionez, gazteen hizkeran euskararen eta erdararen arteko "hibridazioa" gertatu dela esan zuen Altunak, euskara eta erdara "asko" nahasten dituzte gazteek; Altunaren aburuz, "protesta" gisa egin dezakete hori gazteek, "helduak" beti jarduten zaizkielako "euskaraz bakarrik" egin behar dela esanez. Modak eta joerak ere hizpide izan zituen Altunak hizkuntzen erabilerarekin lotuta, hartzarotik nerabezarora igarotzen direnek beren hizkuntz ohiturak eta erregistroak horien arabera aldatzea ohikoa dela azalduz. Hizkuntza ideologiara etorrita, gazteen artean euskararekiko kontrakotasunik ez dagoela esan zuen Altunak, baina neolibelarismoaren eraginez edo, "aukera librea" eta "askatasuna" asko aipatzen dituzte gazteek, "oso barneratuta" dituzte indibidualismoarekin lotutako kontzeptuak, baita hizkuntza hautuari dagokionez ere; finean, "beraiek nahi duten hizkuntzan hitz egingo" dutela aldarrikatzen dute, "ez derrigortuta". Hizkuntzaren eta generoaren arteko harremana izan zen Altunak jorratu zuen azken puntua. Antropologoarentzat, "nabarmena" da, zaintzan edo beste arlo batzuetan gertatzen denaren antzera, "emakumeen ardura" dela oraindik "hizkuntzaren altxorra zaindu behar hori" ere; "futbolari izateak askoz prestigio gehiago dauka euskara elkarte bateko kide izateak baino", esan zuen Altunak adibide gisa.

Altunaren hitzartzearen ondotik, gazteen artean nahiko orokortuta dagoen hizkuntzarekiko atxikimendu ahula eta horrek eragiten duen "kezka" konpontzeko formulez edo formula ezaz aritu ziren bi hizlariak. Helduak gazteen hizkuntzarekiko jarreraz "oso kezkatuta" daude, "baina duela 40 urtetik", esan zuten hizlariek. Hernandezek sarrerakoan aipatutakoaren ildo beretik. Hernandezen eta Altunaren iritziz, hizkuntzaren erabileraz gazteei leporatzen zaiena "helduen errua" da. Gazteei "gauza berriak eskaini" behar zaizkie. Batik bat eremu ez-formalean eragitearen garrantzia azpimarratu zuten –aisialdian, baina bereziki kirolean, eta oso bereziki, futbolean–, baina lan munduan ere eragitea ahaztu gabe, ikasketak euskaraz egitera animatzen ditugulako beti gazteak, baina gero, askotan edo erabat erdaraz funtzionatzen duen lan munduarekin egiten dute topo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide