Jone Miren Hernandez: "Etorkizunean dut kezka, ez gazteengan bakarrik"

Intza Trula 2023ko urr. 25a, 09:48

Jone Miren Hernandez. (Utzitakoa)

Besteak beste, "gazteek euskal gizarteaz erakusten dutena" izango dute hizpide Jone Miren Hernandezek eta Jaime Altunak gaurko hitzaldian, Elkargunean.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatuta, euskarari lotutako hiru hitzaldi eskaini dituzte hilabete honetan zehar Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoaren barruan, eta gaur arratsaldean izango da azkena: Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka. Jone Miren Hernandez (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1970) Gizarte Antropologiako irakasle eta ikertzaileak eta Jaime Altuna Gizarte Antropologian graduatuak gidatuko dute hitzaldia, 18:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Zer da, zehazki, hitzaldian jorratuko duzuena?

Hitzaldian gazteak izango dira abiapuntua, baina, oro har, gazteek euskal gizarteaz erakusten digutenaz mintzatuko gara. Altunari eta bioi gustatzen zaigu gaztea gizarte ispilu gisa irudikatzea. Ariketa interesgarria eta mamitsua dela uste dugu. Ispilu horrek bueltatzen digun irudiaz helduok asko dugu gogoetatzeko. Horregatik diot gazteak eta horien hizkuntza ohiturak, praktikak edota iritziak abiapuntua izango direla, baina helduon munduaz ere hitz egiteko aitzakia izango dira. Joera dugu errealitatea zatitzeko –hauek gazteen arazoak, beste hauek helduenak edo zaharrenak…–; hori hainbatetan egokia edo praktikoa izan daiteke, baina errealitatean dena eta denok harremanetan gaude. Ikuspegi zabalagoak eta konplexuagoak behar dira. Guk, bederen, hori defendatzen dugu.

Gazteen artean euskararen erabilera arriskuan dagoela uste al duzu?

Euskararen erabilera aipatzean, gehiago zehaztu beharko genuke zer dugun buruan hori esatean. Erabilerarena eremu zabala da. Egun, batez ere EAEn, gazte gehienek askotxo erabiltzen dute euskara, besteak beste eskolan presentzia handia duelako. Beste gauza bat da eskolatik kanpo gertatzen dena edota zer erabilera mota egiten den bertan. Eskolan egiten dena nahikoa den ala ez baloratu gabe, esango nuke gaur egun eskolak gutxieneko presentzia eta, zentzu zabal batean, erabilera ziurtatzen duela. Beste kontu bat da hortik kanpo euskarak gazteen bizitzan duen presentzia. Ziurrenik, espero edo aurreikusten genuena baino txikigoa da; lagunartean, adibidez, edo aisialdiko jardueretan, eta zer esanik ez, komunibide eta sare sozialetan. Baina inpresioa dut eremu horietan euskara ez dela inoiz egon oso indartsu; beraz, agian ezin da atzerapausoez hitz egin. Literaturan edo musikan, adibidez, euskarak garapen nabarmena izan duela uste dut. Hori ere aipatu behar da, bereziki musikaren arloa, gazte kulturen funtsezko elementua delako. Beraz, ez dakit erabilera arriskuan dagoen, baina argi dago aurrera egin nahi bada, euskarak orain baino egitura sendoagoa eta trinkoagoa behar duela. Presentzia handiagoa eta zabalagoa izango beharko luke gazteen bizitzan, egunerokoan.

Euskararen kezkak bultzatu du Maxixatzen hitzaldiak antolatzera. Euskararen etorkizunari begira, gazteek kezkatzen al zaituzte?

Esango nuke, oro har, etorkizunean dudala kezka, eta horren aurrean, gazteek bakarrik ez, helduok hartzen dugun jarrerak eta ditugun jokabideek ere kezkatzen naute. Haurrek, nerabeek, gazteek… euren zereginak eta ardurak izan behar dituzte; euren bidea eta identitatea garatu behar dituzte, baina bitartean, guri, helduoi, begira daude. Neurri batean, gu gara euren erreferente nagusiak, eta presentzia handia eta garrantzitsua dugu euren bizitzetan. Segida horrek kezkatzen nau, belaunaldi artekotasun horrek… Adibidez, azken boladan asko hitz egiten da gurasoak seme-alaben aurrean, kirol eremuan, futbolean bereziki, izaten ari diren jokaera desegokiaz. Gauza bera ikus daiteke hizkuntzaren eremuan, ezta? Horrekin lotutako egitasmoak garatzen ari dira hainbat herritan: Haurron aurrean, helduak heldu, adibidez. Bitxia iruditzen zait gurasoei begira horrelako egitasmoak sortu behar izatea, baina horrek zerbait esaten digu egungo gizarteaz, ezta?

Gaur egungo gazteek (eskolan, kalean...) euskara lehengo gazteek baino gutxiago erabiltzen dutela uste al duzu?

Datuek diote azkenengo urteotan haur eta gazteen erabilerak topea jo duela, batez ere, lagunarteko erabileraz edo erabilera informalaz ari bagara. Baina, seguruenik, 80ko edo 90eko hamarkadako datuak hartzen baditugu, erabilera orduan baino handiagoa da. Noski, tartean lan eta ahalegin asko egin da, eta ezin dugu atzera begira egon. Baina, argi dago, aurrez esan bezala, egungoa ez dela aurreikusten zen erabilera, eta horrek nolabaiteko frustrazioa sortzen du. Beste ikuspegi bat da Iñaki Iurrebasok proposatzen duena: agian erabilera espero zena baino txikiagoa da, baina errealista izanda eta kontuan hartuta dauden baliabideak eta oro har dagoen egoera soziolinguistikoa, espero zitekeena baino altuagoa da. Berriz diot, erabileraren auzia oso konplexua iruditzen zait, eta uste dut analisi finak eta sakonak eskatzen dituela.

"Euskarak aurrera egiteko egitura sendoagoa eta trinkoagoa behar du"

"Neurri handi batean, gazteak ari dira eman beharreko pausoak markatzen"

Azkenaldian nabarmen egin du gora gailu elektronikoen erabilerak, eta bertako produktu gehienak gazteleraz kontsumitzen ditu gizarteak. Eragina al du horrek gazteen euskaran?

Gazteen erabilera ikertu eta neurtu da batez ere, baina seguruenik eragina du gazteengan eta helduongan ere, erabiltzaile guztiengan. Eta ez hizkuntzaren aferan bakarrik, arlo askotan baizik. Jakina zen ondorioak sortuko zirela, baina erabilera asko eta oso modu azkarrean zabaldu da, izugarria izan da. Gero eta ikerketa gehiago egiten ari dira; hor dago Ikusiker, lan mardula egiten ari da, datu asko jasotzen. Halere, inpresioa dut ondorioen inguruan gutxiago mintzatzen garela. Han eta hemen iruzkinak entzuten dira gurasoen artean, irakasleon edo beste profesionalen artean, pediatren kasuan… Kezka zabalduta dago, baina iruditzen zait, oraingoz, hortik ez garela pasatu. Ikusteko dago zer gertatuko den gailu elektronikoen erabilerarekin, sare sozialekin, adimen artifizialarekin… Edonola ere, enpresa eta korporazio handiak daude atzean, beraz, espero zitekeen moduan, negozioa egiteko ez bada, ez dute ezer egingo ez euskararen eta ez beste hizkuntza gutxituen alde. Nire ustez, inozoa izatea litzateke kontrakoa pentsatzea.

Zer egin daiteke joera horren aurrean?

Uste dut ez naizela galdera hori erantzuteko gai. Baina jakin badakigu horrelako gailuek aurreikusten ez ziren aukerak eskaintzen dituztela: adibidez, hizkuntzarekin jolasteko aukerak, sormenerako, gazteek euren hitz egiteko modu propioak sortzeko, garatzeko eta zabaltzeko. Ikusi da, nerabe edo gazte batzuen kasuan, aurrez aurre lotsa izan dezaketela euskaraz aritzeko, baina, aldiz, pantaila bidez, errazagoa egiten zaiela.

Gaur arratsaldeko hitzaldian azken urteotan egindako ikerketen emaitzekin osatu duzuen erradiografia aurkeztuko diezue bertaratzen direnei.

Bai, labur-labur azalduko ditugu erradiografian lortutako emaitzak. Erradiografia horretan gazteak agertzen dira, baina helduok ere bai. Jaso duguna azaldu eta hortik egindako gogoeta batzuk partekatu nahi ditugu. Gogoeta horiekin batera, proposamenak daude, aldaketak eragiteko edo hausnartzen eta hitz egiten jarraitzeko. Gazteekin ikasi duguna mahai gainean jartzea inportantea iruditzen zaigu, neurri handi batean, beraiek ari direlako eman beharreko pausoak markatzen.