Euskara, abiada bizian datorren trenaren aurrean

Mailo Oiarzabal 2023ko urr. 5a, 10:10

Pilar Kaltzadaren atzoko hitzaldiaren irudi bat. (Urtzi Oteiza)

Euskara mundu eta teknologia berrietara egokitzeko zailtasunak, beharra eta gakoak hizpide izan zituen Pilar Kaltzadak atzo Elkargunean, Maxixatzen euskara elkartearen Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoko lehen hitzaldian.

Pilar Kaltzadaren hitzaldiarekin hasi zen atzo Maxixatzen euskara elkartearen Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoa. Elkarguneko Oteiza aretoan elkartutako entzuleek adi entzun zituzten Kaltzadak Eremu komunikatibo berri eta zaharrak: euskaraz bizi ahal izateko erronkak eta aukerak hitzaldian esandakoak, eta ondoren beren kezkak, zalantzak eta ekarpenak mahai gaineratzeko aukera ere izan zuten.

Aldaketak abiada bizian gertatzen ari diren munduan eta gizartean, eta oso bereziki Interneten eta mundu digitalean, biziraungo badu, euskarak pausorik ezin duela galdu izan zen Kaltzadak behin eta berriz azpimarratu zuen ideia. Anjel Lertxundik 2005ean dagoeneko ohartarazi zuen, artean "Twitter ez zegoenean", euskaldunok "zortzigarren lurraldea" osatzearen premiaz, Interneten tokia konkistatu beharraz. Lertxundik duela ia hogei urte esandakotik tiraka, euskarak "espazio berriak konkistatu behar" dituela berretsi zuen Kaltzadak hitzaldian, hain azkar dihoan mundura "egokitu".

Euskararen gaur egungo errealitatea gordin eta are beltz azaldu zuen hitzaldiaren hasieran Kaltzadak, baina baikortasunari heldu zion amaierarako, euskaldunok aldaketetara moldatzen "beti" jakin izan dugula gogora ekarrita, ikastolen edota euskara estandarraren sorrerak aipatuta. Baina gaur egun mundua oso azkar dihoala eta "egokitzapenak ere azkarra" izan beharko duela azpimarratu zuen; "euskaldunok eragiten ez badugu, atzean geldituko gara".

Euskara aro eta tresna berrieta zertan eta nola egokitu hizpide hartuta, lau gako eman zituen kazetari eta idazle donostiarrak: txikitik eragitea –geure inguruan, erabiltzen ditugun teknologietan–, balio sinbolikoetan eragitea –reggaetoia euskaraz ere egotearen garrantzia aipatu zuen, esaterako–, aukera berriak sortzea –Gaitu kanpainaren adibidea eman zuen; "teknologia berriek erdaraz egingo dute, ez baditugu geuk euskalduntzen"–, eta azkenik, egitea eta eragitea, "baina beti ere, neurtuz era aldatuz". Ildo horretatik, Kaltzadak nabarmendu zuen "gauzak gaizki" daudela errepikatzen dela behin eta berriz, baina gauzak beti modu berean eginez gero emaitzak ere beretsuak izango direla beti

Datozen hitzaldiak

Urriko datozen hiru asteetan osatuko du Maxixatzenek, beste horrenbeste hitzaldirekin, Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoa. Atzokoa bezala, Elkarguneko Oteiza aretoan izango dira hitzaldi guztiak, 18:00etan. Hau da hitzaldion egutegia:

  • Urriaren 10a, asteartea. Martxelo Otamendi kazetariak Noiz arte diagnostikoak egiten? izeneko saioa eskainiko du, eta Irene Elorzak aurkeztuta. Hitzaldia Elkarguneko Oteiza aretoan izango da, 18:00etan.
  • Urriaren 18a, asteazkena. Jon Sarasua irakasle eta pentsalariak Euskararen etorkizun-ikuspegiaz izeneko hitzaldia emango du.
  • Urriaren 25a, asteazkena. Jone Miren Hernandez eta Jaime Altuna antropologoek Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka saioa gidatuko dute.