Pilar Kaltzada: "Euskara hizkuntza funtzionala soilik izan liteke laster"

Iraia Oteiza 2023ko urr. 3a, 09:35

Euskararen egungo erabilera "kezkagarria" ardatz hartuta, euskarak etorkizunean dituen erronken eta aukeren inguruan mintzatuko da bihar Kaltzada, Elkargunean emango duen saioan.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak euskarari lotutako lau hitzaldi antolatu ditu urrirako, astero bana, Euskaldunon Eskola Udazkenean egitasmoaren barruan. Pilar Kaltzada (Donostia, 1970) kazetari eta idazleak gidatuko du lehen hitzaldia, Eremu komunikatibo berri eta zaharrak: euskaraz bizi ahal izateko erronkak eta aukerak izenekoa. Bihar eskainiko du saioa Elkargunean, 18:00etan. Hitzaldi guztiak doakoak izango dira, baina aurrez izena eman behar da 675 85 71 11 telefonoan edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbidean. Bihar amaituko da epea. 

Euskararen inguruko kezkak bultzatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkartea hitzaldiok antolatzera. Zehazki zer izango duzu kontagai zure saioan? 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak aspalditik duen kezka da euskararena, bereziki bere erabilera biziberritzearena. Elkarteak kezka hori helarazi zidan, eta nire jardun esparrutik, komunikazioaren arloan gogoeta egitea proposatu nien, komunikatzeko moduak goitik behera aldatu direlako. Aldaketa horrek eragin nabarmena izan du euskararen erabileran, ahulguneak zein indarguneak sortuz. Kezka horretatik abiatuta, euskararen ezagutzan aurrera bidean goaz, baina ez dugu lortzen erabileraren koska hori erabat gainditzea. Hori zergatik izan litekeen eta zer egin genezakeen aztertuko dugu hitzaldian. 

Aipatu duzu euskarak bilakaera bat izan duela azken urteetan, ahulgune zein indarguneak sortuz. Bide horretan, zer galdu du euskarak? 

Tradizionalki hizkuntzaren transmisioan garrantzitsuak izan diren eragileek garrantzia galdu dute, beste eragile batzuk azaldu direlako. Esate baterako, hezkuntzak euskararen transmisioan duen paperak ezinbestekoa izaten jarraitzen du, baina ez lehen adina. Komunikatzeko sistema berriak erabat normaldu diren honetan, euskarak ez du posizio argi bat lortu. Eraldaketa teknologikoak eta sozializatzeko moduak eragin nabarmena izan dute. Nire ustez, euskara ez da behar bezala integratu azterketaren eta diagnostikoaren ekuazio berrian.

Aitzitik, indargune batzuk ere sortu direla diozu.

Komunikatzeko sistema berriek talde txikien arteko elkarrekintza lehenesten eta errazten dute. Sozializatzeko identitateari eragiteko gaitasun handia dute, eta euskarak erdigunea puntu horretan sortu behar du.Tresnak eskuratu ditugu; orain, tresna horiekin bilatu beharko genituzke euskaraz, benetan, zentzu guztietan, bizi ahal izateko estrategiak. 
Beste hizkuntza batek eskain ezin dituen zein aukera eskaintzen ditu euskarak?
Gertutasuna, balio sinbolikoa, balio soziala, eta horrek dakarren guztia. Gertutasunak konfiantza esan nahi du, elkarlanerako sareak errazago eratzea, albokoa ulertzeko gaitasuna izatea. Gaur egun, hizkuntza propioa izateak aukera asko eskaintzen dizkigu, eta abantaila horiek  nola txertatu aztertu beharra daukagu. 

Etorkizunera begira, zeintzuk izango lirateke euskarak dituen erronka nagusiak?

Euskararen erabilera espazio berrietara moldatzeko gaitasuna izan behar dugu, betiere ezagutzari bizkarra eman gabe. Baina euskararen eta identitatearen arteko uztarduran ere erronka handia ikusten dut. Zer da euskaldun oso izatea gaur egun? Arlo guztietan euskara nola erabili finkatu beharra dago, baita beste hizkuntzen zein beste kulturen elkar ukitze puntuetan non kokatuko garen zehaztu beharra ere. Hezkuntza sareak euskaldundu egiten gaitu, lan munduan ere euskararen erabilera normalizatzen dihardugu, baina non dago euskararen erabilera soziala, eta zein da horri lotuta egiten dugun proposamena? Arlo hori, esaterako, landu beharra dugu.

Kezkatzeko arrazoirik ikusten al  duzu?

Belaunaldi gazteek kezkatzen naute gehien. Inkesten arabera, gazteek erabateko gaitasuna dute euskararen erabilerarako, baina aldi berean, deskonexio handia dago euskararen erabilerarekin eta erabilera horren iraupenarekin. Ahulezia eremu izugarri baten aurrean geundeke. Horrela jarraituz gero, euskara hizkuntza funtzionala soilik izan liteke laster, hizkuntza emozionaleko erabilera alde batera utzita. Argiago esanda, euskara irakaskuntzan eta lanean erabiltzeko hizkuntza bilakatzen ari da, kalerako eta emozioak adierazteko beste hizkuntzak lehenetsita.

Zer egin daiteke horren aurrean?

Ikastetxean, lanean, kalean, sare sozialetan eta eremu guztietan euskaraz jardutea lortu behar dugu. Hizkuntza propioa dugu, tresnak ere baditugu, baina helburua lortzeko estrategia garatu beharra daukagu. Erronka handia dugu aurrean.