Ia 1.600 sinadura bilduta, lortu dugu helburua

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko urt. 20a, 16:38

Dena dela, helburua lortu badugu ere, sinadurak biltzen jarraituko dugu. Zenbat eta atxikimendu gehiago, herri-galdeketak zilegitasun handiagoa izango baitu. Hori dela eta, otsailaren amaiera aldera arte dago aukera sinatzeko.

 

1.200 herritarren sinadura biltzea zen erronka, Azkoitiko biztanleen % 10.  Azaroaren 19an ekin genion, eta lehen kolpean ia 500 izenpe bildu genituen.  Bi hilabete igaro direnean, ia 1.600 herritarrek adierazi dute erabakitzeko eskubidearen inguruan herri-galdeketa egiteko borondatea.

Otsailaren amaiera aldera arteko epea jarri genion geure buruari, eta eutsi egingo diogu. Langa erraz gainditu dugun arren, sinadurak biltzen jarraituko dugu. Izan ere, garbi daukagu:  zenbat eta sinadura gehiago izan, orduan eta zilegitasun handiagoa izango du galdeketak.

Hala, ez dago atzera bueltarik. Maiatzaren 7an egingo dugu herri galdeketa, eta hauxe da herritarrek erantzun beharreko galdera: ‘Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?’. Azkoitian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek izango dute botoa emateko aukera.

Herritik sortutako ekimena da Urrats, eta herritarrei esker ari gara urratsak ematen. Horregatik,  eskerrak eman  nahi dizkiegu orain arteko bidean  sinatu eta lagundu duten guztiei.

Oraindik sinatu ez dutenek, beraz, aukera dute atxikimendua emateko. Sinadura bakoitza da garrantzitsua. Orain arte bezala, kalean aurkituko gaituzue larunbat goizero. Taldez talde ere, erronda  egingo dugu.

Ilusioz ari gara herri-galdeketarako bidea marrazten. Handia izango da maiatzaren 7a, erabakiaren eguna. Datozen hilabeteotan hamaika ekintza antolatuko ditugu, eta, noski, herritarrok izango zarete protagonista.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide