Gogoan dut bazeudela hamabi eserleku ere, guztiak hiru hankadunak, gure neurrira eginak, gutako txikienetik handienera. Beste mahai txiki borobil bat ere bazen, enbor beretik ateratakoa, eta lurrean zumezko azpikoa, ipurdia ez hozteko; hantxe jaten genuen guk, etxeko txikienok. Gelaren beste aldean, berriz, abereak zeuden. Gutxi ziren, gure sabela betetzeko lain.

Gogoan dut sutondoan katu beltza egoten zela etzanda, gaztaina koloreko begiekin; sorgindua zirudien, beti ametsetan balebil bezala. Katuak, noizbehinka iratzarrita, buelta ematen zuen toki berean, beste izter-aldea berotu ahal izateko, eta etzan egiten zen berriro. Inguruan zebiltzan erromatarren tutuak aditzen zirenean ostera, haranaren oihartzunak bideratuta, orroa batean hasten zen katua. Eraikuntza osoa hunkitu egiten zen orduan, zirrikitu guztiak dardaraka bezala hasten ziren, eta erabat mututzen zen gure etxea nahiz oihana.

Afalondoko garaia iristen zenean, ipuinak kontatzen zizkigun gure amak suaren inguruan. Batzuetan, gure aita, sagar-ur dezente edanda, bertsotan hasten zen. Baina, gure amama zen guztietan onena. Hark bai jakin istorio zaharrak! Eta zein ederki kontatzen zituen! Ondo gogoan dut haren ahotsa. Mintzaira zaharrez hitz egiten bazuen ere, nik ez dakit nola edo zergatik, dena ulertzen nion nik.

Gero mandiora igotzen ginen; lotara. Mandiora joateko eskailera luze tentea zegoen, arbola beretik egindako esku-langarekin: igo ahala, gero eta sendoagoa. Goian, artilez betetako liho fardeletan egiten genuen lo, eta gozo sentitzen nuen abereen beroa nahiz haizearen sehaska-kanta. Hormarik gabeko mandioan, denok amesten genuen batera.

Batzuetan gure aita zelatan egoten zen denbora luzez, kandelatxoa eskuan, etxeko langak eta ateak ondo itxita zeudela ziurtatu ondoren, artega, zerbaiten beldur bezala, ilargia oso goian egon arte batzuetan, edo loak hartzen zuen arte, besteetan.

Behin, ilunpean esnatu eta aita ikusi nuen geldi, gauari adi. Senideak ez esnatzeko moduan, ahopeka galdetu nion:

-Aita! Zeren beldur gara?

-Etsaiak hurbil dira, seme. Kontuz ibili beharra dago.

Etsai haiek erromatarrak ziren. Kanpotik etorritako jendea zen, eta haien gudariak baserri eta herri guztiez jabetzen ziren. Maiz, indarrez egiten zuten. Eta gutxitan, oso gutxitan, aldiz, sagar-uraren antzeko edaria eskaintzen eta banatzen zuten herritarren artean, musu-truk. Gizaki onak, baketsuak, merkatariak ziruditen guztiek, eta gure artean harrera ona izateko asmoz ematen zuten inondik ere edateko oparia. Hura edanda, gizonak alaitu egiten ziren, biziki gainera, eta ez zuten izaten borrokarako ez gogorik, ez eta indarrik ere. Sorginduta bezala geratzen ziren; loak hartzen zituen berehala. Eta orduan, noski, inguruetan gordetako erromatar gudariak agertzen ziren, eta nonahi sartu; bertakoen arma guztiak harrapatu ondoren, jaun eta jabe egiten ziren. Horrelako berriak iristen zitzaizkigun gurera, gero eta sarriago.

-Eta zuri zerk ostu dizu loa, seme?

-Amets gaizto batek.

-Bihar, amamari kontatu beharko diozu, badaezpada.

-Bai, aita.

Gure aita-amen esanera bizi ginen toki hartan, basoaren erdian, muino ezkutu batean, bizimodu gordinean, etsaiak gero eta gertuago baitzeuden. Baina nik geroxeago jakin nuen hura. Eraikuntza hura gure zaharren asabek eraiki omen zuten, eta gu etorri aurretik utzita zegoen. Garbitu, berritu, atondu egin genuen urtebeteren buruan. Eta ordurako, egia esateko, pozik bizi ginen berton. Baina, bost urte besterik ez nituela, inguruko herrietatik albiste txarrak iristen hasi ziren; gure zaharrak sutondoan bildu eta baserritik alde egitea erabaki zuten aho batez. Ondoren, ondasun apurrak lurperatu, ardiak trukatu eta gure baserria hutsik utzita abiatu ginen mendirantz. Gogoan dut astoen gainean lanabesak, txerriak eta ahuntzak zeramatzatela, tristura handiz. Gu, anai-arrebok, lehengusu-lehengusinok txikiegiak ginen hura ulertzeko. Astuna eta luzea gertatu zitzaigun bidaia, gainera. Gizonak egoskor ezabatzen zituzten guk lurrean utzitako arrastoak, ahalegin betean. Tartean behin gelditu eta haien zain egon behar izaten genuen; guretzat, jolaserako aukera zen hura ere.

Halako batean, galdera egin zion izebari lehengusina nagusiak:

-Nora goaz, amatxo?

-Baserri zaharrera.

-Zergatik, ama?

Ez zuen erantzunik jaso.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide