Bizenta Mogel gogoratuz itxi dute Geure Gelatik azoka

Ane Olaizola 2024ko api. 13a, 15:34

Goiz betea izan da Geure Gelatik liburu azokaren azken egunean. Besteak beste, Maite Lopezek eta Karmele Jaiok azken lanak aurkeztu dituzte, eta Bizenta Mogel idazle azkoitiarrak duela bi mende idatzi zuen ipuin sortaren hainbat pasarte irakurri dituzte hamar emakumek. Horrez gain, Maxixatzen elkarteak Bi minutu literatur lehiaketa antolatu du. 

Euskaraz idatzi zuen aurreneko emakume idazlea gogoratuz amaitu dute emakume idazleen euskarazko liburu azoka. Bizenta Mogel idazleak duela 220 urte idatzi zuen Ipuin onak liburuaren hainbat pasarte irakurri dituzte hamar pertsonak, eta irakurketa amaituta, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak ostegunean zabaldu zuen moduan itxi dituzte Portaleburuko ateak: herritarren txalo artean. 

Irakurraldiaren aurretik, goiz betea izan da gaurkoa Portaleburu erakustokian: Maite Lopezek Giorgos Seferis, Nobel poeta euskaraz saioa eskaini du, Aritz Gorrotxategik gidatuta. Azkoitiarrak Seferisen poemak euskaratu ditu berriki, eta poetaren zein egindako lanaren inguruko azalpenak eman ditu hark saioan. Ondoren, Karmele Jaiok kaleratu berri duen Maitasun kapitala eleberria aurkeztu du, Xabier Mendiguren ondoan. Ohi bezala, idazleak liburuak sinatzen eta herritarrak liburuak erosten ere aritu dira azoka zabalik egon den bitartean. 

Bestalde, Bi minutu literatur lehiaketa antolatu du Maxixatzenek. Hain zuzen, bertan parte hartzen dutenek bi minutu azpitik irakur daitekeen testua idatzi beharko dute, gehienez 200 hitzetakoa, izenburua kontuan hartu gabe. 16 urtetik gorako emakumeek parte har dezakete lehiaketan, eta horiek nahi adina testu aurkeztu ahal izango dute, beti ere aurrez argitaratu gabekoak. Lanak aurkezteko azkenengo eguna maiatzaren 13a izango da, eta idatzia Whatsappez 675 85 71 11 telefono zenbakira edo maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora bidali behar da. Antolatzaileek azaldu dutenez, batetik datu pertsonalak azaldu beharko dira, eta bestetik, idatzia bidali beharko da. Zalantzak argitzeko ere telefono zenbaki hori eta helbide elektroniko hori erabiliko dute.

Antolatzaileek 500 euroko sari nagusia banatuko diote irabazleari, eta herriko testu onena 150 eurorekin sarituko dute. Horrez gain, 50 euroko 8 liburu-bonu banatuko dituzte. Maite Lopezek, Jasone Osorok eta Garbiñe Ubedak osatuko dute epaimahaia, eta horiek ekainaren 12a baino lehen emango dute saridunen berri. Horrez gain, sari nagusiaren irabazleak eta herriko saridunak datorren urteko irakurraldian irakurriko dute beren testua. Antolatzaileen esanetan, ziurrenik apirilaren 5ean egingo dute Geure Gelatiken laugarren edizioa. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide