Maite Lopez Las Herasek Seferisen poemak euskaratu ditu

Ane Olaizola 2024ko mar. 25a, 09:19

Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumaren 50. zenbakia da Maite Lopez Las Herasek kaleratu duena, eta lana gauzatzea "ardura hirukoitza" izan dela azaldu du azkoitiarrak.

Susa argitaletxeak Anne Hebert eta Giorgos Seferis poetak aukeratu ditu Munduko Poesia Kaierak bildumako 49. eta 50. zenbakiak argitaratzeko, eta azken poeta horren antologia euskaratu du Maite Lopez Las Heras idazleak. Joan zen ostiralean aurkeztu zuen azkoitiarrak bere azken lana, Aiora Jaka ondoan zuela, hark ondu baitu Anne Heberti eskainitako bildumaren 49. alea.

Azkoitiarrak azaldu du Seferis itzultzea "ohore hirukoitza" izan dela, "miresten" duen poeta delako, batetik, Munduko Poesia Kaiera bilduman parte hartzea bere "ametsa" izan delako, bestetik, eta 50. alea itzultzea egokitu zaiolako, azkenik. "Berak itzulpenak artelan gisa ulertzen zituen, horrek arduraz egitera bultzatu nau, berak zuen zorroztasuna mantentzeko ahalegina egin dut", azaldu du idazleak.

Smirnan jaio zen Seferis, egungo Turkian, baina handik ihes egin behar izan zuen, inperio otomandarraren inbasioaren ondorioz. Hori hala, poetaren beraren lanean erbesteak eragin handia izan zuela esan du Las Herasek.

Azkoitiarraren arabera, "idazkera argikoa" da Seferis, "ahozkotasunetik" baduena eta "itsasoz eta itsasontziz betea". Izan ere, bere "Mediterraneo kuttuna" beti presente dagoela azaldu du Las Herasek, baita mundu klasikoa ere: "Omero asko erabiltzen duen figura da, itsasoa ere ia poesia guztietan ageri da, Iliadako eta Odiseako itsaso ardotua agertzen da". Haren arabera, poetaren helburua bi munduak elkartzea izan da, iragandakoa eta bere garaikoa.

Gaitegiaren dagokionez, itzulera asko jorratu du Seferisek: "Itzulera fisikoaz gain joan den denborara itzultzea, haurtzaroko garaira, oroitzapenetara, jaioterriaren nostalgiara".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide