Hunkituta jaso du Jasone Osorok Geure Gelatik liburu azokan egin dioten aitortza

Ane Olaizola 2024ko api. 12a, 10:17

Harrera beroa izan du Geure Gelatik liburu azokaren irekierak. Asko izan ziren atzo arratsaldean Portaleburun elkartu zirenak, eta Jasone Osorori egin zioten omenaldiak ikusmin berezia izan zuen. Mariasun Landak emandako oroigarria eskuetan, pozarren eta hunkituta hitz egin zuen Osorok. Liburu aurkezpenetarako eta salmentarako tarteak ere izan ziren.

Emakume idazleen euskarazko liburuek osatzen duten Geure Gelatik azokak atzo zabaldu zituen ateak, eta Elkargunetik herriko plazan dagoen Portaleburu erakustokira lekualdatuta, irekiera arrakastatsua izan zuen azokak, haren antolatzaile Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak azaldu zuenez. Izan ere, asko izan ziren arratsaldean hara bertaratu zirenak, eta zenbaitek zutik jarraitu zituzten saioak, aretoa txiki geratzeraino. Jasone Osorori egin zioten aitortzak izan zuen ikusmin handiena, hura izan baita aurtengo idazle omendua. Hunkituta eta esker oneko jaso zuen hark iazko omendu Mariasun Landaren eskutik oroigarria.

Osororentzat "ohorea" izan zen azokan egotea, baita aitortza Landaren eskutik jasotzea ere. "Landa eta Arantxa Urretabizkaia –aurreneko edizioko omendua– erreferente eta eredu izan ditut, besteak beste, aitzindariak izan direlako. Oraindik emakumeek liburuak idazten, edo hobeto esanda, argitaratzen ez zuten garaian, hasi ziren haiek idazten eta argitaratzen; euskaraz, gainera. Ausartak izan ziren. Beraiek hasitako bidea ari gara belaunaldi berriak jarraitzen". Horrez gain, eskerrak eman zizkion Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari azoka antolatzeagatik eta gazte literaturari aitortza egiteagatik, haurrei eta gazteei zuzendutako literatura "askotan ikusezina" dela iritzita. Hain zuzen, literatura hori ezinbestekoa dela azpimarratu zuen idazleak, etorkizunean helduek euskaraz irakur dezaten. "Has gaitezen agerikotasuna eta balioa ematen". Irakurleenganako ere esker hitzak izan zituen Osorok, haien "maitasunik gabe" bere ibilbideak ez lukeelako "dirdirarik" edukiko. Idazleak maite dituen eta hura maite duten pertsonei eskaini zien aitortza, han elkartutakoen txalo zaparrada artean.

Historiaren genealogia

Helduen literaturan aitzindari izateagatik, Urretabizkaiak jaso zuen aurrenekoz Geure Gelatik azokaren aitortza. Hark gomendatuta, Landa omendu zuten iaz, haur literaturan egindako lanagatik. Eskutik eskurako bidean, Landa arduratu zen atzo Osorori oroigarria emateaz, eta iazko omenduak garrantzitsutzat jo zuen azokako omenduek elkarri oroigarria ematea, hori genealogiaren erakusgarri dagoelakoan: "Ez dugu ahaztu behar izan zirenetik ikasten dugula eta datozenei pasatu behar diegula ikasitakoa".

Hori hala, aurten Maxixatzenek gazte literaturan jarri baitu arreta berezia, eta hango kide Julen Garatek Osororen lana goraipatu zuen: "Gazteen literaturan, Euskal Herrian dugun idazle esanguratsuenetako bat da Osoro. Oso harro gaude, trilogi ederra osatu dugulako oraingoz". Antolatzaileak azokaren laguntzaile udala eta Kutxa Fundazioa eskertu zituen hitzartzean, bi erakundeek "diru asko" ematen dielako hura antolatu ahal izateko.

Gaur, gehiago

Osororen aitortzaren aurretik, Gema Lopez itzultzaileak Annie Ernauxen Emakume izoztua nobela aurkeztu zuen liburu azokan, Landa ondoan zuela. Hain zuzen, hura izan zen azokaren aurreneko ekitaldia, eta azkoitiarrak Jokin Zaitegi itzulpengintza sariari esker euskaratu zuen liburuaren nondik norakoak azaldu zituen. Era berean, Osorok iaz kaleratu zuen Arrakasta saiakera aurkeztu zuen ondoren, Maite Rementeriak aurkeztuta. Horrez gain, Portaleburun jarritako liburuak erosteko tartea ere hartu zuten askok. Aurreneko eguna igarota, gaur zabalduko dute berriz azok, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Bihar, berriz, goizez izango da zabalik, 11:00etatik 14:00etara.

Honako hau da azokaren datozen orduetako egitaraua:

  • Apirilak 12, ostirala:
    • 17:15. Maite Frankoren Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa (6-10 urte).
    • 18:30. Yolanda Arrietak Bizenta Mogeli buruzko tailerra emango du: Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak.
  • Apirilak 13, larunbata:
    • 11:15. Maite Lopezen eskutik, Giorgos Seferis, Nobel poeta euskaraz. Aurkezlea: Aritz Gorrotxategi.
    • 12:00. Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Xabier Mendiguren.
    • 12:45. 2 minutu lehiaketaren aurkezpena.
    • 13:00. Hamar lagunek Bizenta Mogelen Ipuin onak liburuaren pasarteen irakurketa.
Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide