Festa eta aldarrikapena uztartuz, Sahara Eguna

Nerea Uranga 2023ko eka. 3a, 15:07

Saharako musika eta dantzak eskaini dituzte eguerdian herriko plazan egiten ari diren egun osoko festan. Arratsaldean segida izango dute ekitaldiek.

Sahara Eguna ospatzen ari dira gaur Azkoitian, Darahli elkarteak eta Azkoitiko nahiz Azpeitiko saharar komunitateak udalarekin elkarlanean antolatuta. Mendebaldeko Saharako herriaren aldarrikapenerako eta sentsibilizaziorako festa eguna da gaur ospatzen ari direna Azkoitiko plazan. Azkoitiko herria bertan jaiotakoek nahiz toki askotatik etorritakoek osatzen dutela adierazi dute antolatzaileek, eta festa giroan Mendebaldeko Saharako herriak bizi duen egoera gizarteratu nahi dutela nabarmendu dute.

Sahara Egunari lotuta joan den asteazkenean Xabier Aierdi soziologoaren Migrazio prozesuak: zurrumurruak, pertzepzioak eta jarrerak hitzaldia izan zen Elkarguneko Oteiza aretoan. Gaur, berriz, goizean goizetik herriko plazan hainbat ekintza egiten ari dira. Haurrentzako hainbat tailer egin dituzte plazan, eta ondoren, Saharako dantzak eskaini dituzte Kontzejupean. Emanaldia bukatu ondoren, denek elkarrekin bazkaldu eta tea dastatu dute.

Arratsaldean jarraituko dute Sahara Eguneko ekitaldiek:

  • 16:00etan, Alberto Bagosen Kolore asko, mundu bakarra ipuin kontaketa, herriko plazan.
  • 17:30ean, bertso saio musikatua, Kontzejupean. Aner Euzkitze, Naia Arrizabalaga, Ekhiñe Zapiain zein Asier Alcedo bertsolariak, Nora Eizagirre eta Libe Goenaga musikariekin. Gai jartzailea: Haritz Alberdi.
  • 19:00etan, Desio bat dut abestiaren kantaldia, plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide