Sahara Eguna, aldarrikapenerako eta sentsibilizaziorako

Andoni Elduaien 2023ko mai. 31a, 11:44
Sahara Eguna aurkeztu duten ordezkariak, plazan. (Andoni Elduaien)

Sahara Egunaren bueltan, ekintza ugari antolatu dituzte aste honetarako. Gaur, hitzaldia eskainiko du Xabier Aierdi soziologoak Elkargunean, eta zapaturako, egun osoko egitaraua prestatu dute. Sahara egun bizitzen ari den egoera zein den ere azaldu dute Azkoitian bizi diren bi sahararrek.

Sahara Eguna ospatuko dute larunbatean, ekainak 3, Azkoitian. Darahli elkarteak eta Azkoitiko nahiz Azpeitiko saharar komunitateak udalarekin elkarlanean antolatuta, aldarrikapenerako eta sentsibilizaziorako festa egingo dute larunbatean. Gaur, asteazkena, aurkeztu dute eguna udaletxeko bilkura areto nagusian, eta han parte hartu dute Sonia Vazquez Kultura zinegotziak, Lurdes Alberdi eta Irati Lizarralde Darahli elkarteko kideek, eta Embarca Belkher nahiz Sid Ahmed sahararrek.

Vazquez zinegotziak azaldu du "Sahararen egoera ikustarazteko asmoz" udaletxera jo zutela egunaren antolatzaileek. Hain justu, Alberdi eta Lizarralde aritu dira eguna antolatzeko lanetan, eta Alberdik azaldu du herriko saharar komunitateari "ikusgarritasuna" ematea ere nahi izan dutela. "Sahararekiko nahiz sahararrekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatu nahi izan ditugu. Azkoitiko eta Azpeitiko saharar komunitatearekin jarri ginen harremanetan, baita Zumaiako Sahararen aldeko elkartearekin ere; izan ere, haien aterkipean gaude gu ere. Zerbait egitea posible zela pentsatuta, udaletxeko atea jo genuen, eta erraztasun guztiak eman zizkiguten".

"Sahararrentzat baino, herriarentzat" antolatu nahi izan dute Sahara Eguna. "Herritar guztientzako zerbait egitea nahi genuen. Berdin da adina, sexua, jatorria... Kultur aniztasunean oinarritutako jaia antolatu nahi izan dugu, herrian jatorri desberdinetako jendea dago eta. Pentsatzen dugu kulturak eragin positiboa eduki dezakeela pertsona desberdinen artean, eta hori horrela, horien guztien arteko lotura sortu nahi izan dugu", azaldu du Alberdik.

Antolatzaileen esanetan, "Mendebaleko Sahararen egoera oso berezia" da. "Urte askoan ari dira egoera hau bizitzen eta jendeak oso gutxi ezagutzen du. Melfa jantzita etorri diren lagunak ikusten ditugu herrian, baina ez dakigu zergatik dauden hemen ezta han zer bizi duten ere. Horregatik, zapatuko eguna aldarrikapenerako ere baliatu nahi dugu. Saharako egoera zein den ezagutarazi, jendea sentsibilizatu eta elkarbizitza bultzatu nahi dugu".

Egoera, sahararren ahotik

Belkher 2014. urteaz geroztik bizi da Azkoitian, eta Ahmedek bost-sei urte daramatza herrian. Azkoitira Saharako errefuxiatuen kanpaleku batetik iritsi zirela adierazi dute aurkezpenean. "Sahara hedabideek estaltzen duten gerra batean" bizi dela nabarmendu du Ahmedek. "Une honetan egin dezakegun bakarra da kalera ateratzea eta gure egoeraren berri ematea".

Sahararen egungo egoera eta haren historia labur-labur zein diren azaldu ditu Belkherrek. "Sahara Espainiaren kolonia izan zen 1884tik 1976ra arte; halaber, 1958an, Espainiako 53. probintzia izan zen. 1976an, gatazka piztu zen, ordea, eta gero, gerra lehertu zen. 1975eko Madrilgo hiruko akordio baten ondoren, gainera, Sahara hirutan banatu zuten: Espainia, Mauritania eta Maroko. 1978an, Mauritaniak atzera egin zuen, eta sahararrak Marokoren aurka borrokatzen gelditu ginen. Gaur egun arte, subiranotasuna eta administrazioa Espainiako Estatuak ditu, baina ez da ulergarria; izan ere, lurraldea ez du deskolonizatu eta gatazkak bizirik jarraitzen du".

Belkherrek gogorarazi du herrikide batzuek okupatutako lurraldeetan bizitzen jarraitzen dutela. "1976tik errefuxiatuen kanpalekuetan bizi gara; kasik 50 urte daramatzagu gune horietan bizitzen. 1991n, bakerako plana egin zuten, baina ura izoztu egin zen gero. 2020. urtean gerra piztu zen berriz, Marokok sahararren manifestazio bat deuseztatzeko tiroekin erantzun eta gero. Israelen bilatzen du egun babesa Marokok, eta droneak erabiliz Saharako zibilak hiltzen ari dira. Saharak irtenbiderik gabe jarraitzen du". Dena den, larunbatean esku-orriak banatuko dituzte plazan, eta horietan Mendebaldeko Sahararen egungo egoera zein den ezagutu ahal izango dute herritarrek. "Eguna aurrera ateratzea posible" egin dutelako, udal ordezkariei eskerrak eman dizkie Belkherrek.

Egun osoko festa

Gaur eta larunbatean egingo dituzte Sahara Egunaren bueltako ekintzak. Gaur, Xabier Aierdi soziologoak hitzaldia eskainiko du Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan hasita. Larunbatean, berriz, goizean goizetik iluntzera arteko ekintzak izango dira. Alberdik nabarmendu duenez, bazkarirako izen-ematea "bost egunean bete" zen, eta hori horrela, 8 urtetik gorako 120 lagun inguruk parte hartuko dute plazan egingo duten otorduan. Dagoeneko itxi egin behar izan dute izen-emate epea. Hona hemen egitaraua, osorik:

Gaur, asteazkena:

  • 19:00etan, Migrazio prozesuak: zurrumurruak, pertzepzioak eta jarrerak hitzaldia, Elkargunean, Xabier Aierdi Begirune fundazioko soziologoaren eskutik.

Zapatua:

  • Egun osoan zehar, musika eta Saharako auziari buruzko erakusketa zein informazio gunea, plazan.
  • 11:30etik 14:00etara, haurrentzako henna tailerra, mural pintaketa, marrazkiak eta eskulanak, plazan.
  • 13:00etan, Saharako dantzak, herriko plazan.
  • 14:30ean, bazkaria (haragi eta barazki kuskusa) eta te dastaketa, plazan.
  • 16:00etan, Alberto Bagosen Kolore asko, mundu bakarra ipuin kontaketa, herriko plazan.
  • 17:30ean, bertso saio musikatua, Kontzejupean. Aner Euzkitze, Naia Arrizabalaga, Ekhiñe Zapiain zein Asier Alcedo bertsolariak, Nora Eizagirre eta Libe Goenaga musikariekin. Gai jartzailea: Haritz Alberdi.
  • 19:00etan, Desio bat dut abestiaren kantaldia, plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide