Lagunartean agurtu dituzte Pentekoste jaiak Martirieta auzoan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 22a, 09:00

Atzo ere festa eguna izan zuten Azkoitiko Martirieta auzoan. Goizean, hamarretakoa, meza eta artzain txakur txapelketa egin zituzten. Bazkaltzeko ere jende ugari bildu zen auzoan, eta arratsaldean, haurrek gogotik gozatu zuten haientzat prestatutako jolasetan eta meriendan.

Pentekoste jaiak ospatu dituzte asteburuan Martirieta auzoan. Zapatuan hasi zituzten festak, 18:00etan jaurtitako suziriarekin, eta atzo, igandea, izan zuen jarraipena jaiak. Goizean, hamarretakoa, meza eta artzain txakur txapelketa egin zituzten. Gaizka Etxaniz Martirietako auzotarrak jantzi zuen txapela. Jende ugari bildu zen goizean auzoan.

Lagunarteko bazkari jendetsua egin zuten gero eliza aurrean, eta arratsaldean, haurrentzat prestatutako jolasak eta merienda egin zituzten. Haur eta heldu asko joan zen atzo ere Martirieta auzora, nola goizean hala arratsaldean. Bi festa egunen ondoren, datorren urtera arte agurtu dituzte Pentekoste jaiak.

(Argazkiak: utzitakoak)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide