Pentekoste jaietan murgildu dira Martirieta auzoan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 20a, 18:52

Hasi dituzte Pentekoste jaiak Martirietan. Trikipoteoa eta gero, bertso afaria egingo dute gaur gauean auzoan. Igandean, berriz, hamaika ekintza izango da han, hala nola hamarretakoa, meza, artzain txakur txapelketa, bazkaria eta haurrentzako jolasak nahiz merienda. Bihar, gainera, auzora igotzeko doako autobusa izango dute herritarrek.

Suziria botata hasi dituzte Azkoitiko Martirieta auzoan Pentekoste jaiak. 18:00etan eman diete jaiei hasiera, eta bihar iluntzera arte festarako askotariko ekintzak izango dira auzoan. Gaur, 20:30ean, bertso afaria egingo dute, baina, bien bitartean, trikipoteoan murgildu dira.

Afalostean, Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal bertsolariak arituko dira bertsotan. Gai jartzaile lanak, berriz, Unai Izagirre Attola azkoitiarrak egingo ditu. Bihar, igandea, berrekingo diote festari auzoan. Hasteko, hamarretakoa egingo dute elkartean eta bentan, 10:00etan. 11:30ean, berriz, auzoko hildakoen aldeko meza egingo dute auzoko elizan.

12:00etan, arraza libreko artzain txakur txapelketa egingo dute, Artxate elkarteak antolatuta. Honako artzain eta txakur hauek parte hartuko dute lehian: Asier Dakosta eta Zeru, Inaxio Etxeberria eta Miss, Bittor Bengoetxea eta Puppy, Pello Segurola eta Kai, Jon Olibares eta Jolie eta Gaizka Etxaniz Martirietako auzotarra eta Laster.

Arratsaldean jarraituko du festak auzoan. 14:30ean, bazkaria egingo dute auzoko plazan dagoen bentan eta 17:00etan umeentzako askotariko jolasak. Antolatzaileek azaldu dute jolasak amaitu bezain laster merienda eskainiko dietela parte hartzaile guztiei.

Autobusa, joan-etorria egiteko

Udalak Martirieta auzora igotzeko eta handik herrira jaisteko autobus zerbitzua eskainiko du igandean. Goizean, 11:00etan igoko da autobusa hara, eta 14:00etan jaitsi. Aldiz, arratsaldean, 16:30ean igoko da autobusa auzora eta 19:30ean jaitsi. Julio Urkixo etorbideko 7 zenbakiaren pareko autobus geralekuan –Eroski txikiaren alboko geralekuan– hartu beharko dira autobusak.

(Argazkiak: utzitakoak)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide