Pentekoste jaiak ospatzen jarraitzen dute Martirietan

Andoni Elduaien 2023ko mai. 21a, 14:57

Atzo, bertso afaria egin zuten auzoko pilotalekuan; 100 lagun inguru elkartu ziren han. Gaur, berriz, hamarretakoa eta meza egin dituzte aurrena, eta ondoren artzain txakur txapelketa. Gaizka Etxaniz Martirietako artzainak auzotarren aurrean jantzi du txapela. Bazkaria eta gero, umeentzako jolasekin amaituko dituzte festak Martirietan.

Martirietan giro onean ari dira ospatzen Pentekoste jaiak. Atzo, zapatua, 18:00etan botatako suziriarekin hasi zituzten festak auzoan, eta trikipoteoa nahiz bertso afaria eginda ordu txikietara arte luzatu dute zenbaitek gaua. 

Guztira, 100 bat lagun elkartu ziren atzo afaltzeko. Anjel Mari Peñagarikano, Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal bertsolariak aritu ziren bertsotan. Gai jartzaile lanak Unai Izagirre Attola azkoitiarrak egin zituen. Bertsolarien atsedenak Itzeder eta Lutxurdio trikitilariek eten zituzten.

Gaur, igandea, berrekin diote festari auzoan. Hasteko, hamarretakoa egin dute, eta segidan, auzoko hildakoen aldeko meza izan da auzoko elizan. Eguerdian, berriz, arraza libreko artzain txakur txapelketa jokatu dute, Artxate elkarteak antolatuta. Asier Dakosta, Inaxio Etxeberria, Bittor Bengoetxea, Pello Segurola, Mikel Pagazurtundua eta Gaizka Etxaniz Martirietako auzotarra lehiatu dira Martirietan. Hain zuzen, Etxanizek eta haren txakur Lasterrek jantzi dute txapela auzotarren aurrean; 296 puntu batu ditu bikoteak gaurko saioan. Pello Segurola sailkatu da bigarren 283 punturekin eta Bittor Bengoetxea hirugarren 278 punturekin.

Iluntzean amaituko dira festak Martirietan. Lagunarteko bazkaria egingo dute aurrena, eta 17:00etan, umeentzako askotariko jolasak. Antolatzaileek azaldu dute jolasak amaitu bezain laster merienda eskainiko dietela parte hartzaile guztiei. Halaber, 16:30ean auzora joateko autobusa hartzeko aukera izango dute herritarrek Julio Urkixo etorbideko 7 zenbakiaren pareko autobus geralekuan. Autobusaren itzulerako ordua 19:30 izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide