Gaztetxoentzako DJ ikastaroarekin hasi da Holz Und Blech jaialdia

Maialen Etxaniz 2023ko api. 28a, 19:01

17:30ean hasita, gazteei zuzendutako DJ ikastaroa egin dute Elkargunean, eta bertaratu direnek inguruetako DJ gazteen ahotik jaso dituzte azalpenak. Argia musikaria ere animatu da ikastaroan parte hartzera. Disko jartzaileek erabiltzen dituzten CDJ erreproduzitzaileekin musika elektronikoa esperimentatzeko aukera izan dute gaztetxoek. 20:00etan jarraituko dute egitarauarekin, Argia musika jartzailearen hitzaldia izango baita Kultur Etxean. Ekintzaz betetako asteburua dute aurretik musika elektronikoaren zaleek Azkoitian.

Hasi da musika elektronikoaren zaleek horrenbeste esperotako Holz Und Blech jaialdia. Antolatzaileek hiru egunetarako programatu dituzte ekintzak, eta inoizko doinu elektroniko gehien entzungo da aurtengo edizioan, disko jartzaile ugarik parte hartuko baitute Zuhaitz Urain Zizu zena omenezko hitzorduan. Gaur arratsaldean ekin diote prestatutako egitarauari, gaztetxoei eta gazteei zuzendutako DJ ikastaroarekin. Jakin-mina piztu du ikastaroak, eta hainbat izan dira disko jartzaileek erabiltzen dituzten CDJ erreproduzitzaileekin musika elektronikoa esperimentatzera animatu direnak. 17:30etik 19:00etara egin dute ikastaroa, eta jarraian hitzaldi berezia izango da. Hain zuzen, 20:00etan hasita, Argia izenez ezagutzen den Helena Calvarro musikariak solasaldia eskainiko du Kultur Etxean. Hirugarren solairuan eskainiko du hitzaldia Argiak, eta saioa irekia izango da.

Bihar jarraituko dute antolatutako ekintzekin. Urainen omenezko ekitaldiak emango dio hasiera egunari. 12:00etan Plazaberrin elkartuko dira 2015ean hil zen gaztea oroitzeko, eta segidan hasiko da musika festa. Izan ere, eguerdian hasi eta goizaldera arte musika elektronikoak zipriztinduko ditu herriko tabernak.

Aurten, igandean ere izango da zer ikusirik eta zer entzunik: batetik, aurrenekoz binilo azoka egingo dute 12:00etatik 19:00etara Plazaberrin, musika elektronikoari bultzada emateko asmoz. Hainbat diskoetxek parte hartuko dute azokan, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, "musika aukera zabala" eta "giro bikaina" izango dira bertan; bestetik, 15:00etatik aurrera, bezperako irudia errepikatuko da herriko hainbat tabernetan zein txokotan. Maiatzaren 1a jai eguna dela baliatuta, disko jartzaileen saioak izango dira igandean ere goizaldera arte.

(Argazkiak: Ane Olaizola)

Erlazionatuak

Laguna oroitzeko festibala

Andoni Elduaien (Gipuzkoako Hitza) 2023 api 28 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide