Helena Calvarro: "Saioen karteletako parekidetasunaz arituko gara biharko egunean"

Ane Olaizola 2023ko api. 26a, 09:42

Helena Calvarro. (Argia Music)

Iaz ezagutu zuen Argia DJak Holz Und Blech jaialdia. Disko jartzailea eta konposatzailea aurten ere izango da Azkoitian, baina oraingoan, bere ibilbidearen berri emateko hartuko du tartea.

Haurra zela murgildu zen Helena Calvarro (Madril, 1985) musikan, eta doinu klasikoetatik elektronikoetara jauzia egin zuen duela urte batzuk. Egun, Argia izenpean aritzen da musika sortzen, eta bere ibilbidearen berri emango du etzi, Kultur Etxeko aretoan, 20:00etan. 

Zein dira zure hastapenak?

Umetan hasi nuen musika ibilbidea. Ahizpa eta ni oso txikiak ginela, etxean piano eskolak jasotzen hasi ginen, jolas moduan, amak uste zuelako musika ikastea onuragarria zela haurraren garapen kognitiborako. Urtebetera, kontserbatorioan hasi ginen biok kontrabaxua ikasten. 15 urterekin, musikako karrera egiten hasi nintzen, baina bospasei urtera oinarrizko zikloa amaitu nuenenean, ikasketa horiek uztea erabaki nuen, garai hartan behintzat umeentzat oso diziplina gogorra zelako. Zorroztasuna gehiegizkoa zen, eta eskolak ematen zizkigutenak ez ziren oso pedagogikoak; irakasleek ia konexiorik ez zuten umeekin. Egia esan, ez dut garai hartako oroitzapen onik. 

Nola egin zenuen musika klasikotik elektronikorako bidea?

Kontserbatorioa amaitu nuenetik, musika albo batera utzia nuen, harik eta gaur egun nire senarra dena ezagutu nuen arte. Hura emanaldien promotorea zen garai hartan, eta hark animatu ninduen musika jartzen hastera. Probatu, eta gustatu egin zitzaidan, baina ez nion harreman handirik aurkitzen aurrez egindako formazio klasikoari. Musika sortzen hasi nintzenean, ordea, ohartu nintzen pauso asko emanak nituela eta abantaila nuela, aurrez belarria landuta nuelako. Kontserbatorioari eskerrak eman beharrean nago, zentzu horretan. 

Oinarriak balio izan dizu, orduan, musika elektronikoa sortzerakoan. 

Bai, guztiz. Software-a eta ordenagailua menderatu nituenean, musika egiteko prozesua askoz ere errazagoa egin zitzaidan. 

Beraz, DJ akademikoa al zara? 

Bai, hori da [barreak]. Gainera, uste dut oso garrantzitsua dela formatzea; zuk baino gehiago dakien baten eskolak jasotzea.  

Orain gutxira arte, ez zen ohikoa emakumeak diskoak jartzen ikustea. Nola egin duzu lekua eszena horretan?

Egia da, pintxatzen hasi nintzenean, ez nuela emakume erreferente askorik. Duela hamar urte, gutxi batzuk zeuden Espainian, eta zeudenak ni baino dezentez zaharragoak ziren; 80ko hamarkada amaieran diskoak jartzen hasi zirenak. Hamar urteren buruan, berriz, eztanda handia izan da, eta zentzu horretan, oso baikorra naiz. Emakume asko musika elektronikoa probatzera animatu dira, zerbait espresatu nahi dutelako. Horretan seguru sentitzen dira, eta primerakoa da hori. 

Emakumeen presentzia normalizatu egin al da?

Bai. Emakume DJ ugari daude, eta asko oso gazteak dira. Horrek esperantza sortzen du, saioen karteletako parekidetasunaz arituko garelako biharko egunean­. 

Bide horretan, emakumea gizonaren maila berera irits dadin, garrantzitsua iruditzen zait, esaterako, neskatoei panpinen ordez aparatuak oparitzea, haiek muntatzen eta desmuntatzen ikas dezaten; finean, burua neka dezaten. Txikitatik botoietara zein kableetara-eta ohitzen badira, gero naturalki arituko dira horretan. Arlo guztietan bezala, musikan ere txikitatik jasotzen dena gakoa izango da berdintasunari dagokionez.  

Musika elektronikoa oso zabala da. Non kokatzen dituzu zure abestiak? 

Nire musikan antzematen da formazio klasikoa dudala. Harmoniak daude, eta beti da melodikoa. Ikuspegi horretatik abiatuta konposatzen dut, eta sortze prozesuan, gustatzen zait akorde batzuk egitea; abiapuntu melodikoak laguntzen dit zati erritmikoa sortzen. Kontrara, asko kostatzen zait melodiarik ez duten abestiak egitea. Hori erronka bat da niretzat, eta zenbaitetan saiatzen naiz oinarri klasikoa ez duen abesti bat konposatzeko ariketa egiten. Oro har, dudan oinarria kontuan izanda, naturalagoa zait melodietara jotzea, eta horren barruan tekno eta house ukituak txertatzen ditut. 

Zure hitzaldiaren aurretik gazteei zuzendutako DJ ikastaroa izango da. Zer esango zenieke musika elektronikoan interesa duten gazteei?

Beren buruarengan konfiantza izan eta musikan iker dezatela. Musikarekiko kuriositatea izatea aparta da, eta horretaz gehiago jakin nahi badute, aurrera egin dezatela. Musikak beti eragiten du zerbait barruan, eta hari tarte bat eskaintzea beti da osasungarria, terapeutikoa ere bai askotan.  

Iaz, Azkoitiko jaialdian lehenengoz parte hartu zenuenean, zer iruditu zitzaizun egitasmoa?

Jaialdiaren atzean elkartasun handia dagoela iruditu zitzaidan. Uste dut parte hartze handia dagoela, herritarren, ostalarien, erakundeen eta antolatzaileen aldetik, eta horrek segurtasun irudia ematen du kanpora begira. Antolatzaileek bihotzez egiten dute, antzeman egiten da benetan sentitzen dutela, eta aparta da halako proiektu batean parte hartzea. Egitasmoak badu esanahi bat atzean, eta ikusten da jendeak maitasunez laguntzen duela. Liluratu egiten nau horrek. 

Erlazionatuak

Maitasun keinua

Ihintza Elustondo 2023 api 26 Azkoitia