Laguna oroitzeko festibala

Andoni Elduaien (Gipuzkoako Hitza) 2023ko api. 28a, 09:58

Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdiarekin oroituko dute, berriz ere, Zuhaitz Urain Zizu zena, Azkoitian. Gaur hasita, hiru eguneko egitaraua atondu dute antolatzaileek. Gipuzkoako Hitza astekariak kaleratutako erreportajea da honako hau.

Gaurtik astelehen goizaldera arte, musika elektronikoaren doinuetan murgilduko da Azkoitia: Holz Und Blech festibala egingo baitute, zazpigarrenez. Musika elektronikoaren zale Zuhaitz Urain Zizu zena omentzeko antolatu ohi dute festa urtero haren gertuko lagunek, baita aurten ere.

2015ean zendu zen Zizu, eta 2016an hasi ziren egitasmoa antolatzen. Jaialdiaren arima den Zuhaitzen arreba da Ihintza Urain (Azkoitia, 1995), eta anaia "pertsona mugitua" zela oroitu du, jarritako helburuak betetzen dituzten horietakoa. "Azkoitiko Txalintxo tabernan lan egiten genuen biok, eta tabernara DJ jakin bat ekarri nahi zuela esaten zuenean, guk ez genion sinesten. Anaiak, ordea, ekarri egiten zuen", azaldu du Urainek.

Zizu zenaren helburu edo ametsetako bat zen Azkoitian musika elektronikoaren festa erraldoi bat egitea. "Horregatik da polita festa hau; anaiak lortu ezin izan zuena haren lagunek hartutako erreleboaren ondoren lortu da". Urainentzat eta haren etxekoentzat "sekulakoa" da Holz Und Blech festibala. "Urtetik urtera gero eta handiagoa da festa. Ikusten da kalean jendeak oso maitea zuela Zuhaitz, eta hori indarra da guretzat, bereziki gurasoentzat".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.