Argazki zaharren atala estreinatu du Maxixatzenek

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2023ko urr. 1a, 09:00
Azkoitiko tren geltokia, 1915. urtean. Udal liburutegia da gaur egun. (Kutxateka.eus)

Urria iristearekin batera, Zaharrak Berri izeneko atala jarri du martxan hedabide honek, eta hala, hilero Azkoitiko argazki zahar bat argitaratuko du. Gainera, Maxixatzenek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki esanguratsu horiek atal honetan partekatzera.

Atzean gelditu da beste uda bat, eta ikasturte berria hastearekin batera eta udazkena iristearekin batera, atal berria estreinatzera dator Maxixatzen: Zaharrak Berri argazki zaharren atala.

Hilero, hileko lehen igandean, iraganari begira jarri, eta Azkoitiko aspaldiko argazki bat aukeratu eta partekatuko du atari honetako erabiltzaileekin.

Estreinako aldirako, ikasturte hasierari estuki lotutako argazki zahar bat aukeratu da: Azkoitiko tren geltokia. 1915ean Indalecio Ojangurenek ateratako argazkia da, eta gaur egun tren geltokia ez, baina herriko udal liburutegia hartzen du eraikinak. Herriko ikasleentzat ikasturtez ikasturte toki erreferentea izan da azken hamarkadetan. 

Argazkiaren jatorria: Kutxateka.eus.

Maxixatzenek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide