Ziritik Mozorrodunaren aurpegia

Xabier Euzkitzeren aste honetako iritzi artikulua.

Sozialki edaten erakutsi digutenez, mozkorraldiak ere sozializazio horren baitan ulertzen ditugu. Ohikoa da, gainera, zenbait adinetan batez ere, bezperan harrapatutako aitzur itxuragabeaz harrotasun punttu batekin hitz egitea. Hordialdian autorik hartzen ez badu, inori kalterik egiten ez badio, harrapa bitza edonork nahi beste mozkorraldi. Hor konpon.

Asko dira, ordea, zurrutaren eraginpean jokaera lotsa-emangarriak erakusten dituztenak, inolako motiborik gabe mutur-joka edo edonor iraintzen hasten direnak. Edo, jendaurrean hor nonbait disimulatu arren, etxera iritsitakoan petral eta oldarkor agertzen direnak. Ez dugu bizi zaharra halatsuko bat, gertuko batekin endemas. “Mozkortutakoan borrokarako joera izaten dut, barka”. Eta kitto, hor bukatzen dira festa-giro goxoa guztiz kakaztu zuen ergelaren azalpenak, beste mozkor baterantz daraman tragoa eskuan duela emanak. Ez, ez dute xemeinkorik balio halakoaren esanek, zepeldutakoan hain eskasa denak bere baitan darama eskastasun hori.

Ez garena izateko aukera ematen du inauteriak. Nik neuk ere izaterik izan ez dudanaren larruan sartu izan dut neure burua: futbol amerikarreko jokalari, pilotari, beltz, mairu, mediku eta, nola ez, emakume mozorrotu izan naiz. Zenbait orduz Xabierri ihes egiteko aukera eman dit horrek, hala uste izan dut behintzat.

Jarraitu Xabier Euzkitzeren iritzia irakurtzen.