ELA eta LAB herri-galdeketen olatura batu dira

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko ots. 3a, 16:03
Bi sindikatuotako Urola Kostako ordezkariek agerraldia egin dute, eguerdian, Zumaian, erabakitzeko eskubidearen inguruan maiatzaren 7an egingo den galdeketa babesteko. 'Herritarrei, oro har, eta bereziki langileei, dei egiten diegu herri-galdeketa hauetan parte har dezaten', esan dute.

(Argazkia: baleike.eus)

Urola Kostako gehiengo sindikala osatzen duten ELAko eta LABeko hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin dute, gaur eguerdian, Zumaian, maiatzaren 7an egingo den herri-galdeketa babesteko. Olatuaren parte izan nahi dutela esan dute.

Eskualdeko langile guztiei dei egin diete, erabakitzeko eskubidearen inguruan egingo den galdeketan parte hartzera: "beste kolektibo eta pertsona askok bezala, egunero gure baitan jasaten baitugu zer den menpeko izatea. Soldatapeko lanaren munduan, gure egunerokoan, gutxi batzuek erabakitzen dute zer, nola, non eta zein modutan ekoizten den ... Langileok bizirauteko eskaintzen zaigun lana onartu beste aukerarik ez dugu. Guk berriz sistema hau aldatzeko, lan mundua aldatzeko edo demokrazia eraikitzeko erabaki nahi dugu … Hau horrela, herritarrei, oro har, eta bereziki langileei, dei egiten diegu herri-galdeketa hauetan parte har dezaten. Gaurdanik eta maiatzaren 7rarte, Urola Kostako langileok olatua osatzen lagunduko dugu".

ELA eta LAB sindikatuen arabera, kontsulta egitea eta erabakia hartzea "rrespontsabilitate ariketa bat" da. Galdetuak izatea eta kolektibo gisa erabakitzea, "kohesiorako eta erantzukizunez jokatzeko ariketa ezin hobea" dela nabarmendu dute. "Elkarrizketan jardutea, eztabaidatzea, aurrez aurre jartzea, hausnartzea... eta azkenean jendeari galdetzea, normala delako. Galdetzea da ditugun arazoei buruz erabakitzeko modurik onena, arazoak konpontzeko, beren elkarbizitza antolatzeko nahiz aurrera begirako erronkei heltzeko”, zehaztu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide