Euskaldunen aurkako epaiketa bidegabeak salatzeko agerraldia egingo du Maxixatzen elkarteak hilaren 27an

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2023ko uzt. 18a, 07:25
Uemak epaia salatzeko egin zuen agerraldiko irudia.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duen epaia dela eta, Maxixatzenek agerraldia egingo du uztailaren 27an, 19:00etan, plazan.

Azken boladan ugaritu egin dira euskaldunon aurkako epai bidegabeak, azkena duela gutxi Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duena. Maxixatzenek behin eta berriro salatu ditu horrelako epaiak, eta iruditzen zaigu badela garaia herriko elkarteekin eta norbanakoekin erantzun bateratua emateko.

Maxixatzenek dei egiten die herriko taldeei, elkarteei eta eragilei bidaliko diegun manifestuarekin (*) bat egiteko, eta norbanakoei herriko plazan egingo dugun agerraldira agertzeko.

Datak agian ez dira onenak, baina egoera jasanezina bihurtu da eta ezin dugu irailera arte itxaron. Horregatik, agerraldia uztailaren 27an egitea erabaki dugu, 19:00etan, herriko plazan.

Kanta ezagun batek dioen bezala, "ez dira betiko garai onenak", estatuek indarraren arrazoia erabiltzen dute, eta euskaldunoi dagokigu arrazoiaren indarrarekin erantzutea.

(*)Talderen batek ez badu manifestuko testua jaso, mesedez gurekin harremanetan jarri eta bidaliko diogu (maxixatzen@maxixatzen.eus edo @maxixatzensarea helbide elektronikora idatzi ala 675 85 71 11 telefono zenbakira deitu).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide