Maxixatzenen zozketak

Maxixatzenek sarrerak zozkatuko ditu Matadeiko antzerki jardunaldietarako

Maxixatzenek bere bazkideen artean Matadeiko VII. Antzerki jardunaldietarako sarrerak zozkatuko ditu. Zehazki, antzezlan bakoitzean bi lagunentzako bina sarrera zozkatuko ditu. Igandeko antzezlana ikustera joan nahi? Sartu eta parte hartu!

Zozketaren aitzakian Iñigo Aranbarri eta Xabier Arenazarekin berriketan aritu gara jardunaldien bilakaeraz eta aurtengo edizioaz.

 

VII. antzerki jardunaldiak antolatu dituzue. Nolakoa izan da orain arteko bilakaera?

Bilakaerari begira jarrita, kartel batean denak biltzearen erabakia hartu genuen garaiak kokatzen gaitu lehenengo jardunaldietan. Ordura arte ere sarri antzerki ederrak ikusitakoak gara Matadeiko eszenatokian. Egitura ematearen erabakiak jardunaldi izena ekarri zuen, eta horrek lehen edizioa. Hasieran lau emanaldi antolatu genituen, gerora gehitzen joan gara azken urteetan, bederatzi antzezlaneko kartela osatu arte. Betiere, malgutasuna mantenduz. Borondatezko lanerako dagoen indarraren arabera kopurua zehaztuz.

Zein irizpideren arabera ekartzen dituzue antzezlanak?

Bidean irizpideak zehazten joan gara, zeren araberako taldeak ekartzen genituen planteatuz. Euskaraz izatea kontuan izan dugu, baina merezi izanez gero erdarazkoei ere leku eginez. Taula gainean emakume/gizon kopuru parekidea izaten ahaleginduz, kasu batzuetan diskriminazio positiboa eginez, antzerki profesionala eta amateurra tartekatuz, proposamen berezi sailkaezinei leku egunez, Matadeixe umeentzako ere leku izan litekeela argi utziz eta kultur eskaintza brutal honetan txikienak ere gonbidatuz, beraientzako antzezlanen bidez… Herriari edozein kultur lanketatan falta ezin den antzerkia eskainiz.

Nola antolatzen dituzue jardunaldiak? Banatzen dituzue lanak?

Taldean lanak banatzen dira. Lehendik Matadeixen bertan zegoen esentzia filosofiarekin enpapatzen saiatu ondoren. Norbaitek jardunaldi hauetan eta hurrengoen antolaketan parte hartzeko interesik izanez gero asanbladetara gonbidatu nahiko genuke. Geuk ere gure garaian izandako lotsak gaindituz. Horrelako borondatezko lantegietan jendea beti eskertzen da. Aukera ederra da, agertu eta zertan gabiltzan ikusteko.

Zer ikusi ahal izango da aurtengo jardunaldian?

Aurtengoan sei antzerki ikusi ahal izango dira. Hilabetero bat. Aurreko urteetan hileko bi izaten ziren, baina aurten lasaiago hartzea pentsatu dugu. Aurtengoan denak euskaraz izango dira.

Sei horietatik bat, aurreko urteetan bezala, umeentzako izango da; Murren bidaia - Behibis (txontxongiloak). Eta beste bat "berezia" Sokak - lekord taldea- Euskal Herriko melodiak, harpak, perkusioa eta antzerkia fusionatzen dituzte.

Beste laurak itxura ona ikusi diogun taldeen lanak dira. Talde profesional zein amateurrak (Azpeitiko emakume taldearen azken emanaldia izango da apirilaren 17an). Bi taldek beraien lehenengo lana aurkeztuko dute  (Ze onda eta Anodino). Eta jardunaldi hauetan behin baino gehiagotan izan direnak ere badaude, Gilkitxarok adibidez, bere aurreko bi obrak ere antzerki jardunaldi hauetan antzeztu baititu. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide