Akordatzen?

Euskara eta debekua, biak bat zirenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2023ko urr. 23a, 09:16
Artxamendi ikastola. (Argazkiak: utzitakoak)

Kepa Alberdik urriko Maxixatzen aldizkariko Akordatzen? atalerako idatzitako ekarpen berria: 'Euskara eta debekua, biak bat zirenekoa'.

Hizkuntzak hiztunengan gauzatu direla esaten da, berengan bizi direla, eta mintzaira baten historia bere hiztunena dela ezinbestez. Euskarak, berak, ezin du ezer egin bere kabuz, euskaldunek bakarrik baztertu edo garatu, pobretu edo aberastu, moldatu eta normalizatu dezakete hizkuntza hori. Hori horrela, euskal hiztunak izan dira beti, euskara urratu, zigortu, eta azken finean, ukatu izan nahi dutenen jomuga.

Erdi Arotik, Euskal Herriaz eta nortasunaz jabetzeko lehian aritu ziren erresuma eta estatuek hizkuntza politika esplizituak egin zituzten, euskararen ordezkapena helburu zutela. Borboitarren dinastiarekin politika horiek areagotu egin ziren, eta etenik gabe jarraitu dute, euskararentzat ondorio sakon eta kaltegarrien ernamuin izan diren moduan, gaztelaniarentzat eta frantsesarentzat mesedegarriak izanez. Horren ondorioz, Gipuzkoan, 1866. urtean euskara %96,6k ezagutzen zuten, eta 1996an, %51,5ek. Azkoitian euskararen erabilerak horrenbesteko beherakada izan ez badu ere, ez da izan hamarkada horietan Madrilgo gobernuek hartutako neurri faltagatik. Azkoitia, gaur egun, euskararen arnasgune dela esan daiteke, azkoitiarrek bere presentzia mantentzen jakin dutelako, ezarritako zentsura, debeku eta beto guztiak gaindituz.

Euskaraz hitz egitea oztopatzeko, herriko zein auzoko eskoletan eraztun bat erabiltzen zuten

Mende batzuk atzera eginda, dokumentu askotan ikusten dira Azkoitian gaztelania erabiltzera bideratutako irizpenak; kasu askotan aginduak. Hurbilagokoa da, 1916koa, Bizkaiko gobernadore zibilak euskara erabiltzeko debekua jarri zuenekoa, hain zuzen ere. Galarazpen hark Azkoitiko Udal Batzarra eginarazi zuen, eta mozio bat aurkeztu zen. Honela zioen euskararen erabilera defendatzen zuen mozio hark: "Gobernadore zibilak kaleratu duen agindua gure hizkuntza komuna den euskararen aurkakoa dela iruditzen zaigu, bere erabilera debekatuz. Baita, zentzu berean, Espainiako Akademiaren presidenteak Ministerioari egin dion erregua ere. Izan ere, biek, gure aurrekoek utzitakoa kendu nahi digute eta gure fedearen defentsarako daukagun azken harresia bertan behera bota. Beraz, bi gauzengatik gure protesta azaldu nahi dugu". Azkoitiko agintariak bat etorri ziren aurkeztutako mozioarekin eta aho batez erabaki zuten protesta egitea.

Urte batzuk geroago ere, Bigarrengo Errepublika garaian, euskara erabiltzearen aldeko ekimen txiki batzuk izan ziren Azkoitian. Izan ere, azkoitiar asko euskararen gainbeheraren testigu ziren eta eguneroko jardueran beren hizkuntzan komunikatzen jarraitu nahi zuten. Adibide moduan, 1932an, La Asunción kooperatibako batzarraren bilkuran, ohi bezala, aurreko batzarreko akta gaztelaniaz irakurri zuten, eta Jose Manuel Lizarraldek eskaera bat egin zuen, aktak aurrerantzean "arraza-hizkuntzan" irakurtzeko esanaz. Aho batez onartu zuten aktak euskaraz irakurtzea.

Bi hamarkada geroago, 1936ko Euskal Autonomia Estatutua eguneroko bizitzan euskararen erabilera areagotzeko pizgarria izan zen. Honela zioen 7. artikuluko F atalak: "Euskaraz hitz egiten den lurraldean zerbitzua ematen duten funtzionario guztiei eskatu ahal izango zaie euskara jakitea". Baina urte horretan bertan gertatu zen Francok zuzendutako altxamendu militar faxista, eta orduan eta gerraosteko urteetan hartu ziren euskararen aurkako neurririk zorrotzenak eta krudelenak, hura hilzorian uzteraino.

Monsinore Egino gotzai azkoitiarra, Loiolan, Olazko Ama Birjinaren koroaketan.

Arrapaladan ezarri ziren gaztelera ez zen beste hizkuntzak ito eta desagertzeko lege eta arauak, eta haietako askok zuzen-zuzenean eragin zioten euskarari. Euskarazko izen eta inskripzio oro kentzera behartzen zituzten legeak jarri zituzten dekretu bidez, horiek gaztelaniazko transkripzioekin ordezkatzera derrigortuz. Justizia ministerioak 1938an onartutako arauetako batek zioenez, pertsona izenak gaztelaniaz idatzi behar ziren. Era berean, euskaraz idatzirik zeuden kaleen izenak ere gaztelerara aldatu zituzten Azkoitian. Dena den, kaleen izenak ez ziren soilik hizkuntzari zegokienean aldatu: udaletxea dagoen plazari, adibidez, Plaza 20 de septiembre izena jarri zioten, faxistak Azkoitian sartu ziren eguna gogoratuz; tren geltokiraino doan kaleari Avenida de Calvo Sotelo jarri zioten, eta Floreagatik Atxabaletara doan kaleari, Teniente Coronel Valenzuela. Hildakoak ere ez zituzten bakean utzi, euskarazko inskripzioak agertzen ziren hilobi edo panteoien senide eta jabeei, lauzak kendu eta aipatutako inskripzioen ordez gaztelaniazkoak ipintzea eskatzen baitzitzaien. Aldizkari, liburu eta egunkarietan ere euskaraz ezer inprimatzea guztiz debekatua egoteaz gain, 1941ean, filmak gaztelania ez zen beste hizkuntza batean ematea debekatu zuten.

Espainiako gerra amaiturik, erasoek ez zuten etenik izan, eta Nemesio Etxaniz apaiz azkoitiarrak gupidagabeki pairatu zituen jazarpen bat baino gehiago. Atxilotu egin zuten, aurretik gaztelaniaz azaldu zuen sermoia euskaraz esateagatik. Azkenean, absolbitu egin zuten. Beste batean, Etxaniz Donostiako Urbieta kalean zihoala beste apaiz lagun hizketan hasi zen, euskaraz, eta horra non handik igarotzen ari zen batek zer esan zien: "Señores curas, hablen en castellano, que somos españoles". Baina apaiz biak ez zeuden horretarako, eta Etxanizek zera esan zion hari: "No somos castellanos. Y ahora es cuando no estamos hablando español. Esta lengua es latín, y ésta mató a todas las lenguas de España menos la nuestra". Bestea, guztiz haserreturik, honela zuzendu zitzaion Etxanizi: "Le voy a denunciar al obispado. Soy Teniente General". Azkenik, Etxanizek erantzun: "Oiga! No deje, por favor, de hacerlo. Me divertiré mucho. Apunte: soy Nemesio Etxaniz Aranbarri". Militarrak, sutan zela, alde egin omen zuen. Esan gabe doa, apaiz hura ipuin, antzerki, olerki eta irrati gidoien idazle izateaz gain, euskal kantagintza berriaren aitzindari eta berritzaileetako bat izan zela. 1951ean, Kanta-kantari kantutegia argitaratu zuen. Ez Dok Amairuko kideekin ere harreman handia izan zuen, eta talde haren sorreran parte hartu zuen.

Beste elizgizon azkoitiar batek ere, Monsinore Eginok, zeresan handia izan zuen 1952an, Olazko Ama Birjinaren koroatzean, Azpeitian. Gaztelaniaz eta euskaraz hitz egiteaz gain, "Euskal Herria", "gerra fratrizida" eta antzeko kontzeptuak aipatu zituen hark hitzartzean. Gipuzkoako gobernadore zibila, Garicano, bertan zegoen, eta entzundakoagatik nahigabetuta eta euskararen erabilera gehiegizkoa zela iritzita, Aita Errandonea Loiolako egoitzako nagusiari zuzendu zitzaion, ekitaldiaren antolatzaileetako bat zen Aita Gaztelumendi erbesteratzeko mehatxua eginez. Mehatxua bete zuen, elizgizonak Huescara (Espainia) joateko agindua jaso baitzuen. Handik gutxira, ordea, Loiolara bueltatu zen.

Gerra garaian bata bestearen atzetik inposatzen zituzten lege edo arauen artean, Nazio bakarra eta hizkuntza bakarra leman oinarritutako 1936ko urriko Francoren Adierazpena zegoen. Aitorpen hura urratzen zuen edonori kargu hartzen zitzaion, eta bidezkoa zen, isuna ezartzeaz gain, neurri gogorragoak hartzea. Hala gertatu zen Urolako Trenaren zuzendariarekin: 1938an, brigada buruak zuzendaria berehala kargutik kentzea agindu zuen, euskarazko inskripzioa zuten txartelak banatzearen arduraduna zelako zela.

Kirolean ere ezagutu izan dira, euskararen erabileraren debekua dela eta, gertaera xelebre bat baino gehiago. 1954an, Anaitasuna eta Santanderreko Rayo Cantabria taldeek elkarren aurka jokatu zuten Kantabriako hiriburuan. Partidaren zati batean, Anaitasunako bi jokalarik euskaraz hitz egin zuten, eta ondorioz, epaileak partida geldiarazi eta bi jokalariei kargu hartu zien, berriz horrelakorik gertatu ezkero, zelaitik kanporatuko zituela mehatxatuz.

Heziketan, aparteko eragina

Euskararen jazarpena ez zen kalera bakarrik mugatu, ikasgeletara ere iritsi zen, eta gaztetxoen heziketan aparteko eragina izan zuen. Gerraostean, ikasgaiak gaztelaniaz bakarrik ematen ziren. Eskolak emateko zailtasun handia zegoen, gehienetan ikasleek eta irakasleek ez baitzuten batak bestearen jatorrizko hizkuntza ezagutzen. Bestalde, herriko auzo batzuetako eskoletan, bertako neskak jartzen zituzten irakasle lanetan, eta haiek ere gaztelaniaz ez zekitenez, nekeza egiten zitzaien gaztelaniaz irakastea, baina, nola edo hala, horrela egin beharra zuten. Martirietan, adibidez, hango haurtxoek Miserikordiara jaitsitakoan ikasten zuten gaztelaniaz. Bestalde, euskaraz hitz egitea ahal zen neurrian oztopatzeko, ohikoa izan zen herriko zein auzoko eskoletan eraztun bat erabiltzea. Eraztuna euskaraz hitz egiten zuen ikasleari pasatzen zitzaion, eta eguneroko eskola amaitzerakoan eraztun hura zuenari zigorra ezartzen zioten. Gauzak horrela, eraztunak helburu bikoitza zuen: batetik, ikaskideek beldurra zuten eraztuna zuen ikaslearena hurbiltzeko, eta bestetik, ikasleak beraiek hartzen zuten laguna salatzeko lana. Floreagako ikastetxean Hermanos de las escuelas cristianas zeudenen, eskola barruan ondo kontrolatuta egoten ziren gaztetxoak, baina errekreora ateratzerakoan eraztun bat izaten zuten, batak besteari pasatzeko. Errekreoa bukatutakoan eraztuna zeukanari puntuak ematen zitzaizkion, eta horren ondorioz, eskolatik Madariagara edo Urrategira irteerak zeudenean, eraztuna gehiagotan izan zuena zigortzen zen, eta hura ez zen txangoa egitera joaten.

Herri barruko eskoletan bezala, Martirieta, Olaso, Urrategi, Madariaga eta beste auzoetako eskoletan gaztigu ugari izaten zen. Ikasleei egindako zigor fisikoak eta umiliazioak ohikoak ziren; kaskarrekoak emateaz gain, bazen beste gehiegikeriarik ere euskaraz aritzen zenarentzat. Esate baterako, Floreagan erratza eta palarekin gela garbitzera zigortzen zituzten, eta Olason belauniko jartzen zituzten liburuak eskuetan zituztela.

Azkoitiko plaza nagusia, 'Plaza 20 de septiembre' izenarekin.

Frankismoaren azken urteetan, ikastolak zabaltzea ametsa zen askorentzat. 1966an, garai hartan euskarak pairatzen zuen jazarpenari aurre eginez, Azkoitiko ikastolaren bultzatzaile eta sortzaile izango zirenak biltzen hasi ziren. Abertzale haiek beltzak ikusi zituzten proiektu hura aurrera ateratzeko urratsak egitean; bilerak ere gauez egiten zituzten, klandestinitate kutsu osoarekin. Gerora ere, guztia oztopo eta traba zen: Guardia Zibila bera sartu zen ikastolako geletara, han zer zegoen edo gordetzen zuten behatzera.

Azpimarratzekoa da herritar haien meritua, debekuz eta eragozpenez betetako egoera larri hartan, Azkoitiko haurrak euskaraz ikasteko lehen gelak martxan jarri baitzituzten.

Esan daiteke hiztun euskaldunak zama astun moduko bat daramala; mendeetan iraun duen isekarako eta gutxiespenerako joera, alegia. Euskara indarrez urratu eta desegiteko saiakerak aspaldikoak dira, baina euskarak betidanik azaldu duen bizinahi egoskorrari esker, jatorrizko nortasuna mantendu du. Euskara ikertzaileek zera diote: milaka urtetan inbasioen eragina jasan duen jatorrizko hizkuntza baten Europako biziraupen kasu bakarra dela euskararena, eta hori gertaera historikorik harrigarrienetako bat del. Egia esan, ez zaie arrazoirik falta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide