Euskararen eguna, Floreaga Ikastetxean

Abenduaren 3an, ostegunean,  Nazioarteko Euskararen Eguna izanik, hainbat ekintza izango dira Floreaga Ikastetxean egun berezi hori ospatzeko.

 

Ekintza hauetara guztiak gonbidatu nahi zaituztegu. Goizeko 09:00etan, jolastoki berdean, Eguzkilore taldeko bi ikaslek irakurriko digute "Egun onak" eta ondoren, bertsoak eta euskal dantzak (txistu eta atabalen laguntzaz) izango ditugu. Amaitzeko, LH-ko ikasle guztiek  "Zer nolako zortea" bertsoa eta "Behin betiko" kanta abestuko dizkigute. Hau guztia, 16:30ean errepikatuko da HH-ko ikasleentzat, eta noski, kasu honetan beraiek izango dira abestuko digutenak. Eguraldi ona bada, HH-ko jolastokian izango da; txarra bada, aldiz, patio berdean.

Goizean zehar, LH-ko ikasleek mural erraldoi bat osatuko dute. Arratsaldean, HH-koak aretoan izango dira abesti, igarkizun eta abarrez gozatzeko asmotan. Baita ere esan, DBH-koak dagoeneko Euskal Ginkana batean parte hartzen ari direla.

Bestalde, Floreagan bertan izango diren ekintza horiez gain, 11:30ean, LH eta DBH-koak kalejira batean abiatuko gara plazarantz, Azkoitiko beste ikastetxeetakoekin batera. Bertan ekitaldi bat burutuko dugu guztion artean. (12:30ean ikasleak betiko moduan Floreagan izango dira.). Hona hemen, “Zer nolako zortea” kantaren hitzak. 

                                                        Zer nolako zortea

                                                        gure hizkuntzarena

                                                        mila iturritatik

                                                        edaten duena

                                                        euskararik onena

                                                        da norberarena

                                                        eta txarrena berriz

                                                        egiten ez dena.

                                                                                 (Xabier "Euzkitze")