Erniarraitz, Pernando Amezketarra sariketako finalean

Tolosaldeko Harituz Bertsozale Taldeak aurreneko aldiz antolatu du bertso eskolen arteko Pernando Amezketarra sariketa, eta Erniarraitz finalerako sailkatu da, pasa den ostiraleko kanporaketa irabazita.

 

Apirilaren 8an jokatu zen Asteasun Pernando Amezketarra sariketako kanporaketa. Sariketa hori lehen aldiz antolatu du Harituzek eta guztira lau bertso eskolek hartuko dute parte. Erniarraizko Haritz Garmendia, Aitor Salegi eta Eneritz Artetxe bertsolariekin batera Oñatiko bertso eskolako Maider Arregi, Egoitz Aizpurua eta Andoni Goiti bertsolariek abestu zuten. Afalondoreneko saioa izan zen, eta giro ederra sortu zen bertsolarien eta elkartu ziren 60 entzuleren artean. 

Saioak bazuen berezitasun bat, izan ere, ezagutzen diren Pernanado Amezketarraren bertsoak neurri txikikoak dira, eta, beraz, ariketa guztiak neurri txikian izan ziren. Saio bukaeran bi epaileren eta entzuleen erabakiz Erniarraitz izan zen apirilaren 30ean Amezketan jokatuko den finalerako sailkatua.

Datorren astean jokatuko den kanporaketan erabakiko da zein izango den finaleko bigarren taldea. Han abestuko dute hernaniarrek eta goierriarrek, eta horietako bat sailkatuko da finalera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide