Abian da Bertsotruk egitasmoa

Argazkia: Goierriko Hitza.

Euskal Herri osoko 26 bertso-eskolen artean egingo diren bertso desafioak biltzen ditu Bertsotruk egitasmoak.

Helduen bertso-eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu da Bertsotruk egitasmoa.

Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak jarri du abian eta 26 bertso-eskolek eman dute parte hartzeko izena. 26 bertso-eskola horien artean multzoak osatu dira, guztira 9 multzo (3 bertso-eskolako 8 multzo eta 2 bertso-eskolako multzo bat).

Bertso-eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartuko ditu etxean, eta beste bi herrietako bertso-eskolek antolatutako ekitaldietara joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia, bertso-jolasen bat...

2015eko azaroaren erdialdetik 2016ko maiatzaren bukaerara izango da Bertsotruk eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea ere 26 bertso-eskola hauen barruan dago. Enkarterriko eta Ipar Euskal Herriko bertso-eskolekin batera egingo du bere zirkuitoa. Oraindik zehazteke dauden arren, laster emango da lagunarteko bertso saio hauen berri.

Informazio gehiago, hemen.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide