Datorren denboraldirako taldea osatzen jarraitzen du ISBk

Mohammed Abdulsalam pibot nigeriarra. (ISB)

Mohammed Abdulsalam pibot nigeriarra arituko da gizonen lehen taldean, eta Doltza Oiartzabal, Maria Otaegi eta Arene Etxeberria, emakumeen taldean. 

Hastear den denboraldirako gizonen eta emakumeen lehen taldeak osatzear ditu ISBk, eta klubak azken fitxaketen berri ematen jarraitzen du. 

Batetik, Mohammed Abdulsalam pibot nigeriarra arituko da gizonen lehen taldean, hau da, Zilarrezko LEB Mailan. Bestetik, Espainiako Bigarren Mailan ariko den emakumeen lehen taldera, Domusa Teknik ISBra, batu dira Doltza Oiartzabal eta Maria Otaegi azpeitiarrak, baita Arene Etxeberria antolatzaile ataundarra (Gipuzkoa) ere. Era berean, Emma Karamovic suediarraren fitxaketaren berri ere eman du ISBk. 

Aurrez, beste hainbat jokalariren fitxaketen berri ere eman izan du klubak; Juaristi ISBn, esaterako, Nolan Bertain, Cade McKnight, Rasmus Moller, Mikel Olaizola, Enaitz Errasti, Andoni Atxa, Aier Velasco eta Gaizka Maiza arituko dira. Domusa Teknik ISB taldea, bestalde, Antoinette Lewis, Aitana Vergara eta Jone Azkue jokalariek osatuko dute, besteak beste.