ELAk eta LABek Sidenorreko aldi baterako lan erregulazio espedientea bertan behera uzteko eskatu dute

Ane Olaizola 2024ko mar. 15a, 15:19

Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea abiatuko duela iragarri ondoren, sindikatuek eta zuzendaritzak lehen bilera egin zuten atzo. Hitzarmen berriaren negoziazioez baliatuta, zuzendaritzak "lan baldintza kaskarrak inposatu" eta "langileak beldurtu" nahi dituela salatu dute biek ala biek.

Sidenorrek Azkoitiko eta Reinosako (Espainia) lantegietan aldi baterako lan erregulazio espedientea abiatuko duela iragarri ondoren, sindikatuek eta zuzendaritzak atzo arratsaldean egin zuten negoziazio komisioa sortzeko eta dokumentazioa helarazteko bilera. Haren biharamunean, Azkoitiko lantegian gehiengo sindikala osatzen duten ELAk eta LABek prentsa ohar bana kaleratu dute, altzairu industria taldeak egin asmo duena bertan behera uzteko eskatuz eta salatuz. Hilaren 25ean izango da bi aldeen hurrengo bilera.

Bi lantegiak elkartuta sortu dute negoziazio taldea, eta ELAk zein LABek ez dute begi onez jo hori, sindikatu bakoitzak duen ordezkaritza kontuan hartuta, talde bateratuan "errealitatea desitxuratzen" baita. Hain zuzen, zuzendaritzak negoziazio esparruan egin nahi duena "inposaketa" salatu du ELAk ere, lantegi bataren eta bestearen ordezkaritza sindikala desberdina delako: "Azkoitian, 13 ordezkaritik ELAk bost ditu, eta LABek, hiru. Beraz, Azkoitiko gehiengo sindikala Reinosakoren oso bestelakoa da. Kantabriako lantegia barnebiltzerakoan, aldiz, enpresak lortu du CCOOk, UGTk eta USOk gehiengoa izatea negoziazio mahaian. Hau da, enpresaren planteamenduak adosteko prestuago dagoen gehiengoa". Atzo sortutako negoziazio komitean, hiru eta bi ordezkaritza dituzte ELAk eta LABek, hurrenez hurren. "Lan erregulazio  prozesua lantegi bati baino gehiagori ezartzen bazaie eta denen artean 13 delegatu baino gehiago badira, 13 kideko komisio berria sortzen da planta guztietako delegatu guztien proportzioarekin, gaineratu du LABek.

ELAren arabera, Sidenorren erabakiaren asmoa da "Azkoitiko negoziazio kolektiboa" baldintzatzea, hitzarmena abenduan iraungiko delako. Aldi baterako lan erregulazioa Sidenorrek Azkoitian duen Esparru Akordioaren "lan baldintza kaskarrak inposatzeko beste urrats bat" izango dela uste du hark, eta zuzendaritzari leporatu dio lantaldeari "xantaia" egin nahi izana, behin-behineko kontratazioa "iruzurrez" erabiliz, "baldintzak betetzen dituzten pertsonak aurrez erretiratuko ez dituztela mehatxatuz" eta "langileak zatitzen saiatuz". 

Ildo beretik hitz egin du LABek ere. Haren esanetan, enpresa hitzarmena "negoziatzen" hasiak diren testuinguruan, zuzendaritzaren pausoa da langileei "beldurra sartzea eta xantaia egitea". Dena den, aurreratu dute "mehatxuek" ez dutela eraginik izango hitzarmenaren negoziazioan, ezta "hitzarmen duina" lortzerakoan ere.

Egoera ekonomiko "bikaina"

Bestalde, ELAk azaldu du du altzairu industria taldeak 25 milioi euro lortu dituela
auditatutako azken kontuetan —2022- urteari zegozkionak— eta "emaitza errekorra" lortu duela. ELAren arabera, gainera, iazko ekitaldian enpresak salmentak igotzea aurreikusten zituen, eta eskarien aurreikuspen onak zituen. Hori horrela, enpresaren egoera ekonomiko "bikainak" aldi baterako erregulazio txostena ez duela "justifikatzen" azpimarratu dute; "are gutxiago lan baldintzak okertzea".

LABek ere neurria bertan behera uzteko salatu du, ez delako "beharrezkoa". "Denon diruarekin, irabazi ikaragarriak dituen enpresa bati dirua aurrezteko baino ez dio balioko aldi baterako lan erregulazio espedienteak. Bitartean, langileek langabezia galduko dugu". Haren arabera, Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedienteen "gehiegizko erabilera" egin du "historikoki".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide