Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea abiatuko du Azkoitiko lantegian

Iraia Oteiza 2024ko mar. 9a, 15:46
Sidenorrek Azkoitian duen lantegia.
Altzairu industria taldeak eskaera zorroan beherakada nabarmena izan duela argudiatu du. Sindikatuak negoziaziora deitu ditu.
Sidenorrek Azkoitiko lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea abiatuko duela jakinarazi du. Altzairu industria taldearen arabera, Azkoitiko lantegiak azken hilabeteetan bere jarduera jaitsi egin du, eskaeraren beherakada medio. Horregatik, erregulazio espedientearen arrazoiak "ekoizpenari eta antolaketari loturikoak" direla argudiatu du.
 
Datorren ostegunean, hilaren 14an, elkartuko dira sindikatuak Sidenorreko zuzendaritzarekin, erregulazio espedientearen xehetasunak zehazteko. Sidenorren hasierako asmoa erregulazio espedientea 2025eko ekainaren 30era arte ezartzea da, eta lantegiko langile guztiei eragingo lieke.
 
Azkoitikoa ez da Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea abitau nahi duen lantegi bakarra, Reinosakoan (Kantabria) ere asmo bera baitu. Reinosako lantegia duela hilabete batzuk geldirik egon zen energia kostu handiengatik, eta 2023ko azken hiruhilekoan jarri zuten atzera martxan, 2024an merkatuak gora egingo zuela aurreikusita. Azkenean, baina, "ez da halakorik gertatu".
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide