Ione Zuloagak 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeen inguruko azterlana aurkeztu du

Iraia Oteiza 2024ko ots. 11a, 10:00
Ione Zuloaga bere azken lanaren aurkezpenean. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azterlanak garai hartako emakume gipuzkoarrek jasandako errepresioaren errealitate desberdinak batu ditu.

Ione Zuloaga historialari azkoitiarrak 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak, Gipuzkoako kasua azterlana aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundian. Argitalpen zabal batean garai hartako zenbait emakume gipuzkoarren bizipenak bildu ditu Zuloagak, Bigarren Errepublikatik hasi eta XX. mende erdialdera arte bizi izandakoak gogora ekarriz, “emakumeen irudia, izandako rolak eta bizipenak erdigunean ipinita, eta emakume horiek guztiak aitortzeko helburuarekin”. Hain zuzen, azterlanak 1936tik 1945era bitartean errepresioa jasan zuten emakumeei egiten die azpimarra, eta ondorioztatzen du emakumeek, oro har, beraien militantzia politikoagatik jasan zutela errepresio frankista hura.

Biktima ikusezinak

Ione Zuloagak buruturiko ikerketa lau ataletan dago banatuta. Bigarren Errepublika garaitik abiatzen da lana, emakumeek eginiko aldarriak azpimarratuz, eta beren irudiaren inguruko aldaketa azalduz. Horretarako, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren eta lehen emakume alkateen errepasoa egin du, espazio publikoaren konkista gisa ulertuz. Bigarren atalean, estatu kolpearen eta gerraren hasieraren testuinguruan, emakumeek frontean jokaturiko papera, erbesteratzeak, eta erizain eta amabitxi bezala eginiko lana laburbildu ditu, besteak beste.

Jarraian, emakumeen aurkako zenbait errepresio mota bildu ditu, hala nola, errepresio ekonomikoa, lan-kanporatzeak, ile mozketak, telefonisten lana, kartzelaratutako emakumeen egoera, fusilamenduak edota alargunen lutoaren ukazioa. Azkeneko atalean, berriz, Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako hiru emakumeren kasua jaso du: Maria Juana Gesalagarena, Maria Josefa Sanzberrorrena eta Simonne Paquita Lebouchena.

Zuloagaren azterlana hiru ikerlariren lanek osatu dute. Bartzelonako Unibertsitateko Queralt Solék ikuspegi historikotik aztertu ditu emakumeen rola eta egoera gerrateetan, ikusezin bihurtuko biktima gisa. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria den Enara Garrok indarkeria matxista aztertu du testuinguru horretan. Aldiz, Aranzadi zientzia elkarteko Antropologia saileko Lourdes Herrastik emakumeen gorputzetan errepresioak izandako eragina aztertu du, gerra garaiko eta gerra osteko errepresio sozial eta politiko orokortuaren esparruan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide