Buruzairen aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote Azkoitiko, Azpeitiko, Ezkio-Itsasoko eta Zumarragako udalek

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 31a, 15:22
Lau udaletako alkateak, gaur, Azkoitian. (Azpeitiko eta Azkoitiko Udala)

Hemeretzi alegazio aurkeztu dituzte Buruzai zentral eolikoaren aurka, tramitazioa "aurkeztutako baldintzetan gelditzeko" edo "aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko" eskatuz. Alegazioak aurkezteko arrazoiak jakinarazi dituzte. 

Azkoitiko, Azpeitiko, Ezkio-Itsasoko eta Zumarragako udalek alegazioak aurkeztu dizkiote Green Capital enpresak Oleta, Samiño eta Izazpi mendietan gauzatu nahi duen Buruzai zentral eolikoaren aurreproiektuari. Udalek ohar bidez jakinarazi duenez, hainbat bilera egin ostean erabaki dute Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak alegazioak biltzen dituen dokumentua elkarrekin sinatzea eta  aurkeztea. Lau herri horietako lurretan izango luke eragina Buruzai proiektuak. 

"Buruzai parke eolikoaren tramitazioa, aurkeztutako baldintzetan, gelditzeko, edo, bestela, aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko eskatzeko" aurkeztu dituzte alegazioak. Erakundeen alegazioek jasotzen dutenez, "Buruzai parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren tramitazioak ezin du aurrera jarraitu, berme guztiak bete ezean".

Lau udalek "hainbat arrazoigatik" aurkeztu dituzte alegazioak. Esaterako, aipatu dute Buruzai egiteko Green Capitalek aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak ez dituela betetzen ingurumen-ebaluazioa egiteko irismen-dokumentuan eskatzen diren gutxieneko edukiak. Udalen arabera, honako arrazoi hauengatik aurkeztu dituzte alegazioak: "Sustatzaileak ez duelako aurkeztu ez 115/2002 dekretuak eskatzen duen proiekturik -aurreproiektua bakarrik aurkeztu du- ez eta tokian bertan egindako haize-neurketekin osatutako justifikazio teknikorik; aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak ez dituelako betetzen ingurumen-ebaluazioa egiteko irismen-dokumentuan eskatzen diren gutxieneko edukiak; eta natura- eta kultura-ondarea babesteari dagokionez, inkongruentzia eta bateraezintasun ugari dituelako".

Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik taldeek ere aste honetan eman dituzte bildutako herri alegazioen datuak. Guztira, Buruzai proiektuaren aurkako 2.595 herri alegazio aurkeztu dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide