Buruzai proiektuaren aurkako 2.595 herri alegazio aurkeztu dituzte Oletan ere Ez! eta Sañu Bizirik taldeek

Ane Olaizola 2024ko urt. 29a, 15:51

Oletan ere Ez! taldeak gaur aurkeztu ditu hark jaso dituen herri alegazioak Azkoitiko Udalean (Oletan ere Ez!)

Sañu Bizirikek joan den ostegunean egin zuen moduan, Oletan ere Ez! taldeak gaur aurkeztu ditu Buruzai zentral eolikoaren aurka jaso dituen alegazioak Azkoitiko Udalean. Mendi taldeek, berriz, alegazio tekniko bat aurkeztuko dute, Gipuzkoako Mendi Federazioarekin batera.  

Green Capital enpresak Oleta, Samiño eta Izazpi mendietan gauzatu nahi duen Buruzai zentral eolikoaren aurkako alegazioak babesteko, 2.595 herritarren sinadurak bildu dituzte Sañu Bizirik eta Oletan ere Ez! taldeek azken hilabetean. Mendietan zentral eolikoak jartzearen aurka dauden bi taldeek gaur, astelehena, eman dituzte herri alegazioen behin-betiko datuak, Oletan ere Ez! taldeak bildu dituenak Azkoitiko Udalaren Erregistroan aurkeztu ondoren, erakundeak Eusko Jaurlaritzaren Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzara bidera ditzan horiek. Sañu Bizirik taldeak joan den ostegunean aurkeztu zituen hark jasotako sinadurak.

Taldeek aurreratu dutenez, gainera, Anaitasuna, Lagun Onak eta Ostadar Azkoitiko, Azpeitiko eta Zumarragako mendi elkarteek mendi ibilbideak oinarri dituen alegazio tekniko bat aurkeztuko dute Gipuzkoako Mendi Federazioarekin batera. 

Buruzairena amaitu, Piasperena hasi

Abenduaren 15ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Buruzai eta Trekutz proiektu eolikoei buruzko informazioa, eta etzi —asteazkena— amaituko da alegazioak aurkezteko epea. Bitarte horretan, horien aurkako atxikimenduak jasotzen aritu dira taldeak, eta Buruzairen kontrako sinadura bilketa amaitzearekin batera, Piasperena hasiko du Sañu Bizirikek datozen egunetan. Izan ere, Statkraften filiala den Desarrollos Renovables Iberia PI S.L.U enpresak Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan zentral eolikoa egiteko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatu ditu, eta igaro den asteazkenetik zabalik dago proiektuari alegazioak egiteko epea. Horrenbestez, Buruzai proiektuarekin egin duten moduan, orain Piasperen aurkako herri alegazioen sinadura bilketa abiatuko dutela iragarri dute.

Herri alegazioaz gain, alegazio teknikoa ere osatzen ari dira hainbat abokaturekin, eta horrek Sañu Bizirik zein Oletan ere Ez! bezalako "talde xumeei izugarrizko gastu ekonomikoa" eragingo diela ohartarazi dute: "Diru iturriak aztertzen gabiltzan arren, honetan ere herritarren ekarpena ezinbestekoa izango da". Hain zuzen, taldeek azaldu dute datozen egunetan jakinaraziko dituztela aurrera begira egingo dituzten ekintzak. 

Green Capitalek Karakate mendian (Gipuzkoa) gauzatu nahi zuen parke eolikoa ere izan dute taldeek gogoan, enpresak bertan behera utzi baitu hango proiektua. Sañu Biziriken eta Oletan ere Ez!-en arabera, "herritarren presioak" gelditu du Green Capitalen asmoa: "Mendiek, mendi eta herritarren bizileku, aisialdirako gune eta ogibide izaten jarraituko badute, gelditzen zaizkigun berdegune urri horiek zaintzea dagokigu", esan dute. Hori hala, herritarrei dei egin diete "dauden lekutik beren alea" jartzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide