Egurbide, etxe ondoko altxorra

Ane Olaizola 2023ko uzt. 30a, 09:00
Juan Bautista eta Jon Orbegozo, Egurbide errotan. (Ane Olaizola)

XIX. mendearen amaieraz geroztik, Egurbide monumentu multzoan dagoen izen bereko dorrean bizi dira orbegozotarrak, eta herrian martxan jarraitzen duen errota bakarra dute bertan. Aurreko belaunaldiek han egindako lanarekin lotzeko balio die leku horrek, eta horregatik, mimoz zaintzen duten ondarea da beraiena. Uztaileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau.

Euskal Herriko antzinako gizartea zein ekonomia ezin dira ulertu errotarik gabe, batez ere Erdi Arotik aurrera, ogia egiteko edo abereentzako pentsua lortzeko berebiziko eragina izan baitzuten orduko herritarren egunerokoan. Zerealak ehotzeko ezinbestekoak izan ziren tresna horiek, eta loraldia XVII. mendean izan zuten, aztarnak lehenagokoak baldin badira ere. Aurreko gizaldietan, ur errotak herriko erreken ondoko baserrietan ikustea ohikoa zen, baina egun, horien arrasto batzuk besterik ez daude. Ordea, bada salbuespen bat: Aingeru Guarda ermitaren ondoan zutik den Egurbide ur errota; ondareaz jakitun, errotaren jabe orbegozotarrek mimoz zaintzen dute etxe alboan duten "altxorra".

2008tik Eusko Jaurlaritzaren kultur ondasun izendapena duen monumentu multzoaren barruan daude Aingeru Guarda ermita, Egurbide dorretxea zein izen bereko errota eta haren ondoko burdinola zena. Historia luzeko ondare multzoa da hura: dorretxearen aurreneko datu historikoa 1560koa da, eta Oñatz eta Loiolako Madalena –Loiolako San Inazioren arreba– zen orduan monumentu multzoaren jabea. Burdinolaren eta errotaren aurreneko datu historikoa, berriz, 1554koa da; Oñatiko artxibategian jasota dagoenez, ordurako martxan ziren bi lantegi horiek. "Errota lehenagokoa da, baina ez gaude ziur noizkoa den. Aranzadiko Javier Castro historialariarekin ari gara hori ikertzen, errota harriei buruz azterketa asko egin ditu-eta hark", esan du Jon Orbegozok, monumentu multzoan bizi den Orbegozo familiaren bosgarren belaunaldiko kideak. Ikerketa horren barruan, antzinako errotaren harriak nongoak diren jakin du familiak: "Bi errota harri Usurbilgo Andatza auzoko harrobi batetik ekarritakoak dira, duela 400-500 urtekoak. Aldiz, beste harri parea Oñati eta Gorbeia arteko harrobi batekoa da".

Errotak artoa irinduta. (Ane Olaizola)

Orbegozotarrak 1882az geroztik bizi dira Egurbide monumentu multzoan; sendiak hainbat hamarkada errentan igaro zituen han, eta 1995ean egin zen lurren jabe. Ordea, bitarte horretan ere errota martxan izan zuten, Jonen aita Juan Bautista Orbegozok kontatu duenez: "Nire aitak –Xanti Orbegozo– 36ko gerran borrokatu zuen, eta handik itzuli zenean, errotan jarraitu zuen lanean, senideon laguntzarekin. Ondoren irina saltzen hasi zen Azkoitiko plazan eta herriko pentsu biltegietan. Zumarragara ere joaten ginen astoz irina eramatera, eta behar genuen beste zerbaitekin itzultzen ginen handik. Izan ere, orduan, salerosketak trukearen bidez funtzionatzen zuen". Gerraondorenean, etxean errota izatea "izugarrizko zortea" izan zen familiarentzat, hari esker senideek ez zutelako goserik pasatu. "Askotan taloa besterik ez zuten jango, baina behintzat jateko modua zuten, eta horrekin egin zuten aurrera", dio Jonek.

"Gauez lan egin, eta etxearen atzealdean genuen zuloan ezkutatzen genuen irina"

Juan Bautista mutil koskorra zen garai hartan, baina ondo gogoan du errotan aitaren ondoan igarotako denbora: "Lo egindakoa naiz hemen, aita irina egiten ari zen bitartean". Izan ere, garai hartan, errotariek gauez egiten zuten maiz lan, inspektoreak saihesteko: "Guardia zibilek ikusten bazuten errota martxan zegoela, askotan irina kentzen ziguten, eta ezer gabe geratzen ginen. Orduan, gauez egiten genuen lan, errotari tranga kenduta, modu horretan errotak zaratarik atera gabe jarraitzen duelako lanean. Trangarik gabe lan egin eta etxearen atzealdean genuen zulo batean ezkutatzen genuen irina". Ehotu ez ezik, saldu ere eguna argitzerako egiten zuten batzuetan, errotan bertan. "Zenbaitetan, arto alea ekartzen zuen jendeak, eta guk irina egiten genion. Ez genuen ezer kobratzen, baina hamar kilo irineko, kilo bat guretzat izaten zen".

Uholdeek geldiarazita

13 urte zituela hasi zen Juan Bautista etxetik kanpo lanean; ordura arte jardun zuen aitari errotan laguntzen. Semearen laguntzarik gabe, hark errotari izateari utzi behar izan zion: "Seme guztiok lanean hasi ginenean, hura bakarrik geratu zen. Aldi hartan, gainera, uraren erabilera kobratzen hasi ziren, eta arrazoi horiengatik, hark ezin izan zuen errotatik bizitzen jarraitu", dio Juan Bautistak. 1972an utzi zioten jardunari, eta hamarkada bat beranduago, erabat hondatuta geratu zen errota, uholdeek eragindako luizi baten ondorioz. "Errotaren goialdeak ez zuen kalterik izan, baina azpialde osoa lurrez bete zen. Horrela egon zen denbora luzean, itxita eta erabili ezinda; errota ez genuen ukitu ere egin urte askotan", esan du Jonek.

Errotaren kanpoaldean dagoen errota harria, duela 400-500 urtekoa. (Ane Olaizola)

2004an, ordea, errota martxan jartzeko "eroaldia" izan zuen Jonek, eta horretan aritu zen zortzi bat hilabetez, senideen laguntzarekin. "Astegunetan, lanetik atera eta errotan elkartzen ginen guztiok, kalteak konpontzeko. Asteburuak ere guztiz aprobetxatzen genituen horretarako". Jonek azaldu du osabek "izugarri" lagundu ziotela bakarrik egin ezingo zukeen lanean, baina argitu du arrisku handiak hartu zituela, "bizitza" jokatzeraino: "Lur azpian, erretenetan sartuta ibili nintzen, ur bonben laguntzarekin lurra eskuz ateratzen". Neguan hasitako lanak udan izan zuen emaitza, errota orduan jarri ahal izan baitzuten berriz martxan. Aita-semeen arabera, familiarentzat "hunkigarria" da errota berriz martxan jarri izana, beraien aurreko belaunaldiekin lotzeko balio dielako leku horrek. "Gure aurrekoek bizitza osoa igaro zuten hemen lanean edota jolasean, eta berriz martxan jartzea oso berezia izan da, bihotzetik ateratako zerbait izan delako", dio Jonek. "Lorpen handia" izan da harentzat, are gehiago ondare gune horiek urrituz joan direlako azken hamarkadetan. Haren arabera, Gipuzkoan 31 errotari daude egun, eta duela mende eta erdi, berriz, 600 ziren. Azkoitian, Katuin errekaren ondoan dagoen Egurbide errota da egun martxan dagoen bakarra, baina orbegozotarrak gogoratzen dira duela hamarkada batzuk haren inguruko baserri ugarik zutela berea.

Transmisiorako bide izan nahian

Maiatzean ospatu zen Gipuzkoako Erroten Eguna, eta orduan, orbegozotarrek herritarrei ireki zizkieten Egurbideko errotak, haiek bertatik bertara ikus zitzaten makinaren historia eta funtzionamendua. Joni gustatuko litzaioke errotari probetxu handiagoa ateratzea; esaterako, jendeak bisitatzeko gunea izatea, baina ondare pribatua izanik, egoera "oso zailean" dagoela azaldu du hark: "Errota jendaurrean jartzeak segurtasun lan handiak egitea eskatzen du, eta guretzat hori ez da bideragarria. Laguntza handirik ez dugu sumatzen zentzu horretan". Gainera, Egurbide monumentu multzoak 2008tik Eusko Jaurlaritzaren kultur ondasun izendapena duenetik, erakundeek bertan lanak egiteko "traba ugari" jartzen dizkietela salatu dute aita-semeek.

Jon Orbegozo, errotaren kanpoaldean. (Ane Olaizola)

"Asmakizun aparta da, duela zazpi mende izugarrizko aurrerapena ekarri zuen teknologia"

Oztopoak oztopo, familia jakitun da "altxorra" duela etxe ondoan, eta horrela zaintzen du, mimoz. Izan ere, errotara sartu bezain pronto ohartzen da bat museo txiki batean dagoela: mendeak dituen makinaria handiak hartzen du egurrezko aterpea, eta bere horretan jarraitzen dute pieza original guztiek, norbaitek palankari tira egin eta uraren indarraz haren barrunbean dagoen turturra biraka jartzeko prest. Beheko turturra ardatz baten bidez dago lotuta goikora, eta modu horretan hasten da goiko gurpila ere biraka, zereala ehotzeko. "Asmakizun aparta da, duela ia zazpi mende izugarrizko aurrerapena ekarri zuen teknologia". Jendeak errota osoki uler dezan, gainera, mekanismo osoa azaltzen duen maketa egina du Jonek, haren semearen laguntzarekin. Betidanik izan du hark errota etxe ondoan, baina azaldu du duela urte batzuetara arte ez zuela haren gaineko ezagutzarik, eta aitarengandik zein osabarengandik jaso duela jakintza hori. "Haiek niri transmititu egin didate, eta errotari dagozkion pauso guztiak jarraitzen ditut nik". Errotaren parean, berriz, lanbide horri lotutako zein harria lantzeko antzinako tresnak ere gordeak dituzte: bufardak, piketeak, mailuak, txoria... "Hemen utzi zituzten gure aurrekoek, eta espero dut nik ere hemen utziko ditudala, ondorengoek ere zaindu eta manten ditzaten", adierazi du Jonek.

Familiak noizean behin jartzen du errota martxan, etxerako irina egiteko: "Batzuetan, semeak taloa egiteko eskatzen dit, eta orduan erabiltzen dugu errota, batez ere neguan", dio Jonek. Eta zera gaineratu du haren aitak: "Asko gozatzen dut halako gauzekin, batez ere umeak inguruan badaude. Sasoi batean taloak nola egiten ziren erakusten diet haiei". Izan ere, biek ala biek azaldu dute "historia ezezaguna" dela Egurbiderena, eta, oro har, errotek gordetzen dutena. Egun funtziorik ez badute ere, horixe da senideek nahi dutena; herritarrek errotak zer izan diren jakitea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide