Gogotik gozatu dute haurrek eta gaztetxoek duatloi lasterketekin

Julene Frantzesena 2023ko api. 29a, 13:33

Azkoitri triatloi klubak antolatuta, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat gaztetxok, mailaka banatuta, askotariko distantziatako lasterketetan parte hartu dute. Arratsaldean jarraituko dute probekin: 16:00etan hasita, supersprint distantziako paraduatloia eta distantzia bereko duatloi herrikoia izango dira.

Gaur goizaz geroztik, duatloia da protagonista nagusietako bat Azkoitian. Horren erakusle izan dira dozenaka haurrek lasterka eta bizikletan osatu dituzten probak. Azkoitri triatloi klubak antolatuta, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat gaztetxok, mailaka banatuta, askotariko distantziatako lasterketetan parte hartu dute. Lehiaren gainetik, festa nagusitu da; giro bikainean osatu dituzte proba kirolari gaztetxoek.

09:30ean hasi dira probak, LH1eko eta LH2ko haurren lasterketarekin; horiek 200 metro korrika, kilometro bat bizikletan eta ehun metro korrika egin dituzte. Ondoren, LH3ko eta LH4ko ikasleen txanda izan da: horiek 500 metro korrika, bi kilometro bizikletan eta ehun metro korrika gauzatu behar izan dituzte. Ondoren, LH5eko eta LH6ko umeen txanda izan da, eta horiek 500 metro korrika, hiru kilometro bizikletan eta 200 metro korrika egin dituzte herrigunean. Azkenik, DBHkoek (12-16 urte) kilometro bat korrika, bost kilometro bizikletan eta 500 metro korrika egiteko ibilbidea osatu dute.

Arratsaldean eta bihar segida

Goizekoa beroketa baino ez da izan. Izan ere, arratsaldean, 16:00etan hasita, bi proba jokatuko dituzte: supersprint distantziako paraduatloia eta distantzia bereko duatloi herrikoia. Duatloi herrikoian 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute, eta horiek bi kilometro eta erdi korrika, hamar kilometro bizikletan eta kilometro eta laurden korrika egin beharko dituzte.

Bihar goizean, berriz, 10:00etan hasita, distantzia motzeko duatloia jokatuko dute, federatutako nahiz federatu gabeko kirolariek. Horiek hamar kilometro korrika, 40 kilometro bizikletan eta bost kilometro korrika egin beharko dituzte. Gainera, federatuta dauden kirolarientzat Gipuzkoako Distantzia Motzeko Txapelketa ere izango da proba.

Biharko probak eragina izango du trafikoan, eta beraz, baita autobus zerbitzuetan ere.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide