Azkoitiko Duatloiak eragina izango du autobus zerbitzuetan

Nerea Uranga 2023ko api. 28a, 11:56

Urbanue autobus zerbitzua.

Asteburuan Azkoitian egingo den duatloiaren bueltako festak eragina izango du Urbanue herriko autobus zerbitzuan eta Lurraldebusen UK02 zerbitzuan.

Bihar eta etzi duatloiko hainbat proba jokatuko dira Azkoitian. Kirol probaren eraginez, hainbat kale eta errepide itxi egin beharko dituzte ordu jakin batzuetan, eta horrez gainera, autobus zerbitzuek aldaketak izango dituzte.

Azkoitiko herri barruko Urbanue autobus zerbitzuari dagokionez, bihar, zapatua arratsaldeko Urbanueren zerbitzua 17:00etan hasiko da Aizkibel Liburutegiaren aurretik. Igandean, berriz, goizean ez da Urbanueren zerbitzurik izango.

Horrez gainera, Lurraldebusen autobus zerbitzuek ere aldaketak izango dituzte. Bihar, zapatua, 16:00etatik 17:00etara Munibeko geralekua Aizkibel Liburutegiaren aurrean egingo da. Igandean, berriz, UK02 zerbitzuan, Azpetitik 10:30ean eta Errezildik 10:50ean ateratzen diren autobus zerbitzuak ezeztatu egingo dituzte. Horrez gain, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Azkoitia-Azpeitia arteko errepidea, bi noranzkoetan, txandaka, itxi egingo dute. Horrek, autobus zerbitzuetan etenak eta atzerapenak eragin ditzakeela ohartarazi du Lurraldebusek.