GEURE GELATIK AZOKA

Mariasun Landa: "Literatura onak ez du adinik"

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 25a, 10:50

Iazko Geure Gelatik azokan aitortza jaso zuen Arantxa Urretabizkaia izan zuen ondoan Mariasun Landak atzokoan, eta bien arteko solasaldiarekin ireki zuten aurtengo edizioa. Euskararen eta literaturaren bueltan egindako berriketaldiaren ostean, Urretabizkaia arduratu zen Landari saria emateaz. "Hunkituta eta eskertuta" agertu zen Landa, eta aipatu zuen azken 40 urteetan "gauza asko" aldatu eta egin direla haur eta gazte literaturaren arloan.

Zabalik da Geure Gelatik liburu azoka. Atzo arratsaldean ireki zuten Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako liburu azoka, eta antolatzaileek aurreikusi bezala, hasiera "borobila" eman diote emakumeen euskarazko literatura ardatz duen liburu azokari; izan ere, Mariasun Landa idazleari aitortza eginez ekin diote astebururako prestatutako ekimenari.

Iaz aitortza jaso zuen Arantxa Urretabizkaia izan zuen ondoan Mariasun Landak atzokoan, eta bien arteko solasaldiarekin ireki zuten azoka. Euskararen eta literaturaren bueltan egindako berriketaldiaren ostean, Urretabizkaia arduratu zen Landari saria emateaz, eta txaloz hartu zuten bertaratutakoek. Haur literaturan ibilbide oparoa du Mariasun Landak, eta egindako lana aitortu nahi izan diote Geure Gelatik azokaren sustatzaileek. Saria jaso berritan hunkituta eta eskertuta agertu zen Landa. Behin saria banatuta, Landak Annie Ernaux 2022ko Nobel sarituari buruzko hitzaldia eskaini zuen. Arratsaldean zehar liburuak erosteko aukera izan zuten herritarrek, eta Urretabizkaia zein Landa liburuak sinatzen ere aritu ziren. 

Gaur, larunbatez, jarraituko du Geure Gelatik liburu azokak, eta goizetik iluntzera arteko egitarau betea izango dute Elkarguneko Herriko Plaza aretora joaten direnek. 

Hona hemen gaurko egitaraua:

- 10:00. Petare (Emagin/Txalaparta). Leire Ibarguren egileak Miren Egiguren protagonista
elkarrizketatuko du.
- 11:00. Natura gure esku (Alberdania), Aiora Zabala Aizpuru. Aurkezlea: Naiara Elortza.
- 12:00. M ama eme ume (Elkar), Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez. Aurkezlea: Josune Herrarte.
- 17:00. Mahai ingurua: Gazteentzako literatura. Hizlariak: Jasone Osoro eta Alaine Agirre. Bideratzailea: Xabier Mendiguren.
- 18:00. Ibilbidea (Tz Testu Zaharrak), Egeriaren liburuaren aurkezpena, Maite Lopez las Heras
itzultzailearekin. Aurkezlea: Julen Garate.
- 19:00. Emakumeek idatzitako testuen irakurketa, hogei lagunen ahotsetan.
- 20:00. Azokako partaideentzat mokadutxoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide