Ireki dute Geure Gelatik azoka, eta aitortza jaso du Mariasun Landak

Ane Olaizola 2023ko mar. 24a, 19:43

Antolatzaileek aurreikusi bezala, hasiera "borobila" eman diote emakumeen euskarazko literatura ardatz duen liburu azokak, Mariasun Landa idazleak aitortza jaso baitu irekiera ekitaldian. Landak ondoan izan du Arantxa Urretabizkaia, eta biek ala biek euskara eta literatura izan dituzte hizpide aurreneko solasaldian. Umeentzako tartea ere izan da lehen egunean, eta Amaia Egidazuren eskutik ipuin kontaketaz eta collage tailerraz gozatzeko parada izan dute horiek. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin zein Emakunderen eta Kutxa Fundazioaren babesarekin antolatu duen Geure Gelatik liburu azoka zabalik da arratsaldeaz geroztik. Antolatzaileek aurreikusi bezala, hasiera "borobila" eman diote emakumeen euskarazko literatura ardatz duen liburu azokak, Mariasun Landa idazleak aitortza jaso baitu irekiera ekitaldian. Landak ondoan izan du Arantxa Urretabizkaia, eta biek ala biek euskara eta literatura izan dituzte hizpide aurreneko solasaldian. Dozenaka lagunek jarraitu dute saioa. 

Pozez hartu du oroigarria Landak, eta azoka bera goraipatu du hark, emakumezko idazleena izateak "originala eta aparta" egiten duelako. Idazle errenteriarrak, besteak beste, euskarara nola murgildu zen kontatu du hitzartzean. "Etxean bazekiten euskaraz, baina gaztelaniaz egiten zuten, baita eskolan ere. Entzuten nuen euskara, erdi ulertzen nuen, baina ez nintzen hitz egiteko gai". Hark azaldu du "betidanik" izan zuela euskara ez hitz egitearen "arantza", eta Parisen ikasketak egin ondoren, Zarauzko ikastolan lan egiten hasi zenean alfabetatu zela euskaraz: "11 urte egin nituen Zarauzko ikastolan, eta auto-alfabetatu egin nintzen han; sentitu nuen euskaldun nintzela". 

Idazteari buruz ere galde egin dio Urretabizkaiak Landari; haren arabera, hausnarketa " etengabea" da idazterakoan, "kontzienteki edo inkontzienteki". Bestalde, egun "punta-puntako euskarazko liburuak" daudela azpimarratu du hark, eta Urretabizkaiak zera gaineratu du: "Zuk eta nik ezagutu ez dugun egoera ari gara ikusten egun; gu kobazulotik gatoz". Euskarazko emakumeen literatura "normalkuntza bidean" dagoela azaldu dute biek. 

Aitortzaren aurreko elkarrizketaren ondoren, Landak Annie Ernaux 2022ko Nobel sarituari buruzko hitzaldia eskaini du. Ondoren, haurren txanda izan da, eta Amaia Egidazuk Dorotea (Pamiela) album ilustratuaren ipuin kontaketa eta collage tailerra eskaini ditu. 

Bien bitartean, liburuak erosteko aukera izan dute herritarrek, eta Urretabizkaia zein Landa liburuak sinatzen ere aritu dira. 

Gaurko jarduna amaituta, bihar jarraituko du Geure Gelatik liburu azokak, eta goizetik iluntzera arteko egitarau betea izango dute Elkarguneko Herriko Plaza aretora joaten direnek. 

Bihar, larunbata
- 10:00. Petare (Emagin/Txalaparta). Leire Ibarguren egileak Miren Egiguren protagonista
elkarrizketatuko du.
- 11:00. Natura gure esku (Alberdania), Aiora Zabala Aizpuru. Aurkezlea: Naiara Elortza.
- 12:00. M ama eme ume (Elkar), Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez. Aurkezlea: Josune Herrarte.
- 17:00. Mahai ingurua: Gazteentzako literatura. Hizlariak: Jasone Osoro eta Alaine Agirre. Bideratzailea: Xabier Mendiguren.
- 18:00. Ibilbidea (Tz Testu Zaharrak), Egeriaren liburuaren aurkezpena, Maite Lopez las Heras
itzultzailearekin. Aurkezlea: Julen Garate.
- 19:00. Emakumeek idatzitako testuen irakurketa, hogei lagunen ahotsetan.
- 20:00. Azokako partaideentzat mokadutxoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide