Zabalik da emakumeak ahalduntzeko ikastaroetarako izen-ematea

Ane Olaizola 2022ko ira. 13a, 15:26
'Berdintasuna trikotatzen' ikastaroa. (Azkoitiko Udala)

Guztira, emakumeei zuzendutako bost ikastaro prestatu ditu irailetik abendura bitartean: arteterapia, Batukada Feminista, Erditu Ondorengo Ikastaroa, Hitz Ahalduntzen eta Berdintasuna Trikotatzen. Irailaren 23ra artean inskribatu daiteke.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak emakumeak ahalduntzeko ikastaroak prestatu ditu beste urte batez udazkenerako. Irailetik abendura bitartean, arteterapia, Batukada Femisnita, Erditu Ondorengo Ikastaroa, Hitz Ahalduntzen eta Berdintasuna Trikotatzen saioak eskainiko dituzte, eta interesa dutenek zabalik dute izen-ematea, hilaren 23ra artean.

Joan zen urteko eskaintza "antzekoa" prestatu du udalak aurtengorako, erakundearen arabera, "oso erantzun ona" jaso zutelako aurrekoek. Dena den, izango da berrikuntzarik; izan ere, Batukada Feministaren saioak Azkoitian zein Azpeitian eskainiko dituzte aurreneko aldiz. Hain zuzen ere, astelehenetan izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara artean, Xabier Munibe Ikastolan eta Azpeitiko Emakumeen Txokoan, txandaka.

Arteterapia, berriz, asteazkenetan egingo dute, 18:00etatik 20:00etara, Kultur Etxean; Erditu Ondorengo Ikastaroaren saioak, berriz, astelehenetan izango dira, 18:30etik 20:00etara artean, Elkargunean; Hitz Ahalduntzen, bere aldetik, asteazkenetan eta ostegunetan egingo dute, 15:00etatik 17:00etara, Elkargunean; azkenik, puntua oinarri duen Berdintasuna Trikotatzen ikastaroa astearteetan eta ostiraletan egingo dute, 15:15etik 16:45era artean. Saioetan parte hartzeko izena, berriz, berdintasuna@azkoitia.eus edo azkoitia@azkoitia.eus helbide elektronikoetara idatzita edo 943-54 20 14 edo 943-08 00 80 telefono zenbakietara deituta eman daiteke.

Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziaren hitzetan, Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroak haien "topagune" dira beste ezeren gainetik: "Helburua ez da hainbeste ezagutza jakin bat eskuratzea, baizik eta emakumeok munduarekiko dugun ikuspegia partekatzea, elkarri ahalduntzen laguntzea, solasaldirako eta hausnarketarako tarte hartzea; finean, elkarrizketarako eta hazkunderako espazioak sortzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide