Azaroaren 25a

Udalak hainbat ekintza antolatu du Azaroaren 25aren harira

Ane Olaizola 2021ko aza. 19a, 10:40

Irudian, Janire Igoa eta Mertxe Zubillaga zinegotziak eta Malen Etxeko kideak. (Azkoitiko Udala)

'Sexismoaren hariak eten!' izenpean, kanpaina jarri du martxan udalak, eta gogoratu du "emakume guztiak" izan daitezkeela biktima. Malen Etxearen eskutik, hiru tailer eskainiko dituzte Elkargunean, eta aurtengoan, indarkeria bikarioa ere gogoratuko du erakundeak.

Ate joka da Azaroaren 25a, Emakumeengana Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta horren harrira, hainbat ekintza antolatu du udalak datozen egunetarako. Erakundeak adierazi du Emakundek, aurten, emakume nagusiek jasaten duten "ezkutuko indarkerian" jarriko duela arreta, eta horretarako kanpaina hasiko du Entzunez gero, ikusiko duzu. Solik adi dagoen
gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena lelopean. Kanpainaren helburua da egunerokoan ematen diren indarkeria egoerak, "kasu askotan normalizatu direnak", salatzea, eta horrekin bat egin du udalak. Hori hala, Sexismoaren hariak eten! izenpean, beste kanpaina bat jarri du martxan: "Tristea da, baina indarkeria matxista salatzen jarraitu beharra daukagu, kasuak
ez direlako amaitzen. Emakume guztiak izan gaitezke biktima, edozein dela ere gure adina, posizio soziala edota jaioterria. Prebentzioan eta sentsibilizazioan lanean jarraitu behar dugu ankerkeria honi amaiera ematen saiatzeko", adierazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.

Hori hala, "etxean, lanean, kalean edota aisialdian" jazotzen diren diskriminazio egoerei aurre egiteko eskuorri bat egin dute, eta eskoletan zein beste hainbat gunetan banatuko dute. Era berean, indarkeria bikarioa edo haurrenganako indarkeria ere salatu nahi du udalak aurtengoan, izan ere, erakundeak jakinarazi duenez, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen %6ok adin txikiko seme-alabak ditu, eta haiek ere "biktima" bihurtzen dira. "Krudelkeria" hori salatzeko, puntuz egindako tximeletak banatuko dituzte, eta ikastetxeetan ere tximeletak egingo dituzte. 

Bestalde, Malen Etxea elkartearen eskutik hiru tailer antolatu dituzte: Mindfulness. Sentitu eta bizi hemen eta orain, Aldaketei aurre egiten eta amets berriak eraikitzen eta Jabekuntzarako antzerkia dira tailerrak. Hiru saioak Elkargunean izango dira, hilaren 21ean eta 28an eta abenduaren 5ean. Izena emateko 943-54 20 14 eta 653 72 91 17 telefono zenbakietara deitu edo berdintasuna@azkoitia.eus eta contacto@malenetxea.org helbide elektronikoetara idatz daiteke.

Etxe Beltz jauregiko erakusketa aretoan erakusketa bat ere jarriko dute, eta Emakumeak Ahalduntzeko Ikastaroetan egindako lanak erakutsiko dituzte ikusgai han. Datorren astelehenean, hilaren 22an, zabalduko dute erakusketa, eta hilaren 26ra artean, 17:30etik 19:30era bitartean ikusi ahal izango dira lanak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide